Jon LEUNDA
Harri-jasotzea Marka saiakerak

Idoia Etxeberriak helburuak betetzen jarraitzen du

Oriotarrak 138 kiloko zilindro zaharrari hiru jasoaldi eman zizkion, nesketan inoizko markarik onena eginez.

Idoia Etxeberriak marka berriak ezartzen jarraitzen du, eta atzo Aian berri bat jarri zuen, 500 ikusleren aurrean. Oriotarrak 138 kiloko zilindro zaharra erabili zuen bost minutuko txanda bakar batean, eta hiru aldiz berdindu zuen bizkarrean.

Zilindro zaharrarekin emakumeetan inoiz jaso den harririk astunena jaso zuen. Utzitako sentsazioak oso onak izan ziren, eta jasoaldiren bat edo beste gehiago ere bazeukan ustearekin geratu ziren zaleak.

Izan ere, harria laugarren aldiz ere berdintzea lortu zuen, baina jasotzeak bakarrik ez du balio, gero geldirik geratu behar izaten da, eta hori lortu ez zuenez, behar bezala usteltzat eman zioten, eta marka hiru jasoaldirekin geratu zen, baina aurrez aipatu bezala, harri hori gehiago ere jaso dezakeen ustearekin geratu ziren denak.

Baina atzo Aiako probalekura joan ziren zaleek ez zuten hori bakarrik ikusteko, beste hiru marka saiakera ere bai baitziren. Horietako bat Jokin Eizmendik egin zuen. Zarauztarra da egungo Euskal Herriko harri handien txapelduna, eta atzokoan, lehen txapelketa horretan erabiltzen ziren harriekin egin nahi izan zuen lana, eta bakoitzarekin aritzeko bi minutuko txandak izan zituen Eizmendik.

Hasteko, 225 kiloko errektangularra izan zuen aurrean, eta berari bi jasoaldi eman zizkion. Ondoren, 200 kiloko zilindroarekin jardun zuen, eta honekin ere oso lan txukuna egin zuen, eta bera lau aldiz berdindu ahal izan zuen bizkarraren gainean.

Hirugarrengoan, 175 kiloko errektangularrarekin aritu behar izan zuen, eta harri horrekin ere ez zen gaizki aritu, eta azkenik hiru jasoaldirekin amaitu zuen saioa. Azkenik, 150 kiloko bola izan zuen aurrean lanerako, eta hura lau aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Guztira 13 jasoaldi lortu zituen, eta zarauztarrak lan ederra egin zuela esan daiteke.

Eta Etxeberria eta Eizmendi aski ezagunak baldin badira, ondorengo biak erabat ezezagunak ziren; izan ere, lehen aldiz agertu ziren ofizialki plazara. Alde batetik, Maiza andoaindarra aritu zen lanean, eta berak 150 kiloko zilindro zaharra izan zuen lanerako, eta bost minutuko txanda bat. 91 kilo besterik ez ditu, eta oso altua da harri-jasotzaile hau, eta erabili zuen harria, berriz, altura txikikoa. Hala ere bost aldiz jasotzea lortu zuen, eta marka bikaina egin zuela esan daiteke.

Eta azkenik, herritar bat, Illarramendi, aritu zen lanean, eta berak ere oso lan ona egin zuen. Bost minutuan aritu zen 163 kiloko zilindro zaharrarekin, eta lau jasoaldi ematea lortu zuen, eta amaieran berak ere txalo artean amaitu zuen jarduna, ongi merezitakoak.