J.L.
sokatira

Abadiñok, gizonezkoetan, eta Ibarrak, nesketan, aurkeztu dute dagoeneko txapela lortzeko hautagaitza

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako hirugarren jardunaldiko onenak, Abadiño A eta Ibarra izan ziren. Bizkaitarrak mutilen 640koan gailendu ziren, eta gipuzkoarrek irabazi zuten emakumezkoetan.

640koan bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Abadiño A taldeak erakutsi zuen bere burua. Bi multzotan neurtu ziren denak denen aurka, eta bakoitzeko onenak Abadiño eta Ñapurrak izan ziren. Aurreneko jardunaldian Ezpeletako taldeak irabazi zuen pisu honetan, eta bigarrengoan ere garaipena lortzeko bidean zen. Beraz, oso garbi dago txapelaren lehian oso kontuan hartu beharrekoa dela Ezpeletako taldea.

Bizkaitarren eta lapurtarren arteko deman Abadiño izan zen onena, eta Ñapurrak taldeak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hirugarren oraingoan ere Ibarra sailkatu zen, eta badirudi hiru talde hauen artean egon daitekeela txapela. Atzetik, Murueta, Zuraide, Sokarrola eta Abadiño B sailkatu ziren. Azken hauek lehen jardunaldian ere sailkapena itxi zuten, eta bigarrengoan ere bai. Datorren larunbatean Aian jokatuko den finalean erabakiko da postu honetako sailkapena.

Neskak, berriz, 405ekoan ari dira lehiatzen. Hiru talde besterik ez dira ari lanean, eta hasi aurretik ere borroka handia iragartzen zen. Badirudi horrelaxe izango dela, txapela ez baitago batere erabakita.

Aurreneko jardunaldian Gaztedi izan zen onena, eta bigarrengoan, berriz, Ibarra, eta horrela sailkapen nagusian biak berdinduta geratu dira. Lehen jardunaldian Ibarra izan zen bigarren, eta oraingoan Gaztedik eskuratu zuen postu hori. Beraz, dena erabakitzeko dago, eta bien artean aurrena geratzen denak irabaziko du pisu honetako txapela.

Horretarako aukerarik gabe geratu dena Badaiotz izan da. Talde gasteiztarrak lehen jardunaldian ere sailkapena itxi zuen, baita herenegun Bilbon jokatu zen ekinaldian ere, eta ondorioz txapela lortzeko aukerarik gabe geratuko da. Hauek ere datorren larunbatean Aian amaituko dute euren lana.