GARA

Bizkaibuseko erabiltzaileen eskariak entzuteko eskatu diote Diputazioari

«Bizkaibuseko zerbitzu berrien azterketa egin ostean, erabiltzaile eta udalerrietako eskari asko erantzunik gabe utzi direla» ondorioztatu du EH Bilduk, eta horren aurrean, hiritarren eta udalen eskariak kontuan hartzeko eskatu zion atzo Bizkaiko Aldundiari.

Eskatutako zuzenketak «logikoak» direla eta «irtenbide erreala» badutela nabarmendu, eta diseinu berria «herrietako alegazioak kontuan hartu gabe» egin dela salatu zuen koalizioak. «Bulego itxietan eta parte hartzerako inolako bitartekorik gabe» egin beharrean, garraio publikoa beste era batean osatzea posible dela adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek, «Gipuzkoan egin bezala».

Eskatutako aldaketen gainean, «batzuk historikoak» direla gogorarazi zuten, Ondarroa eta Lekeitio lotzeko autobus bat sortzea, horien artean. Beste batzuetan, «zenbait linea bakar batean uztartu dituzte eta ondorioz, bidaiaren ibilbidea eta iraupena luzeagoak dira orain», azaldu zuen Bilbo eta Santurtzi lotzen dituen 3115 linearen adibidea aipatuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak «lehendabiziko hobekuntzak» iragarri zituen atzo linea hautan: A3632 (Bilbo-Etxebarri-Basauri-San Migel-Zaratamo), A3911 (Bilbo-Galdakaoko ospitalea-Lemoa-Durango-Elorrio) eta A3923 (Bilbo-Durango-Elorrio autobidetik). A3632 linean, hamabost minutu aurreratuko dira irteerak Bailenetik, eta bost minutu atzeratuko dira Zaratamotik. A3911 lineak zerbitzu berri bat izango du, 21.10ean Durangotik Elorriora, eta ordu berean zerbitzu berri bat izango du A3923 lineak lan egunetan, Elorriotik Durangora.