Katakraken eta Barnerenaren garaipenarekin abiatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Agertokia estreinakoz Iruñeko Katakrak liburu-dendan ezarrita abiatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Barberena izan zen garaile, atzetik Lakuntza zuela. Gaur, Irurtzunen jokatuko da bigarren final-laurdena.

Ezohiko agertokian, Iruñeko Katakrak liburu-dendan abiatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Jon Barnerena izan zen lehen final-laurdenekoetan puntu gehien eskuratu zituen bertsolaria (253 puntu). Oier Lakuntza (246,5) izan zen Elizondokoarekin buruz burukora iritsi zen bertsolaria eta atzetik izan zituzten Aritz Saragueta (234,5), Joxema Leitza (232,5), Bittor Elizagoien (229) eta bigarrenez txapelketan parte hartzen ari den Unai Uberetagoena (211,5). Alaitz Rekondo gai-jartzaile lanetan zutela, oro har saio erregularra egin zuten sei bertsolariek, tarteka Barnerena eta Lakuntza nabarmendu baziren ere. Aipatzekoa da baita ere atzoko saioarekin oholtza gainera itzuli dela Elizagoien, bi aldiz Nafarroako Txapelketa irabazi eta urte luzez lehiaketa utzia zuen bertsolaria.
Oholtzapean 170 bertsozale inguru elkartu ziren, Katakraken filosofiari jarraiki, saiora sarrera diruz ordaindu gabe eta aurrez gonbidapena eskuratuta bildu zirenak. Saio amaieran poltsa bat ezarri zuten nahi zuenak gastuei aurre egiteko dirua eman zezan. Giro beroa sumatu zen saioan zehar eta antolatzaileak ere gustura agertu ziren, txapelketak «hasiera polita» izan duela eta.
Gaur, Irurtzunen
Gaur jokatuko da txapelketako bigarren final-laurdena, Irurtzungo Kultur Etxean, 17.30etik aurrera. Julio Soto, Alazne Untxalo, Iban Garro, Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi Luze eta Kotte Plaza igoko dira oholtzara. Azken honek estreinakoz hartuko du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian edota, 16.00etatik aurrera, aretoko leihatilan eskura daitezke.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
