Mikel Ibarguren
Kazetaria
JO PUNTUA

Ni naiz naizena

Ni naizena naiz. Neure akats eta guzti ez daukat neure nortasuna erakutsi beharrik. Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea. Nik ez ditut ideiak erosi nahi, sentimenak dira nire iparra; ni naiz naizena; telebista, irrati, eta abarrek ez dute aldatuko nire izana.

Ni naiz Bidea, eta Egia, eta Munduaren Argia. Ni naiz Jainkorik gabeko gizabere bakartia. Ez naiz ni zurekin ahaztu dena. Ni naiz zu, hura, bestea, ni naizena naiz. Besterik ez naiz. Ni hemengoa naiz eta ez hangoa. Ni naiz gizatxar inzibilizatua, bekatu guztien erantzulea, ni naiz ijitoa, moroa, musulmana, homosexuala. Ni naiz etsaia; geroa iluntzen duena. Ni naiz Alepon begian izua duen Yasmina. Ni naiz Fallujan MK77 fosforo zuriarekin zauritutako Mohammed Tareq; ni naiz Guantanamon torturatutako Mourad Benchellali; ni naiz Estatu espainolak babes eskaera ukatu dion Hassana Aalia; ni naiz esperantza ere jan dioten Ekialde Urruneko biztanle arrunta; harriak botatzeagatik kartzelatua den Lina Jattab ikaslea; ni naiz okupazioa alde guztietan, bere bizitzaren barruan, sentitzen duen Carmel Ghoul palestinarra; balio islamiarrak hautsi dituen Raef Badani saudia; ni naiz gizadiaren aldeko borrokan Kobane hiria askatu duen YPGko Meryem Kobane komandantea.

Ni naizen bezalakoa naiz, ez naiz demokrata, ni terrorista naiz, hiltzailea, biolentoa nahi bada; ni naiz «Euskaldunon Egunkaria», ni naiz «Egin»; ni naiz «Ardi Beltza»; ni naiz behelaino artean galduta dabilen moro euskalduna. Ni naiz frantziar balioetan sinisten ez duen ateoa. Batasun nazionalaren oihupean «Marseillesa» abestu ez duena. Ni naiz Dionisio filosofoaren dizipulua: barkatu, baina nahiago dut satiro bat izan, santua baino (ecce homo); ni naiz ezerezetik ihes munduaren erdian ezin aurkitutako amets urrutiaren bila egiten duena. Ni naiz Albert Camusen «L'homme revolté»; Paul Eluarden «Capital de la douleur»; Mahmoud Darwichen «La terre nous est étroite». Ni naiz pikondo baten adarrarekin konkistatzaileen tankeak txikitzen dituena. Ni naiz Mendebaleko fundamentalismoak eta Ekialdeko integrismoak estutzen duten lur hau habitatzen duena. Ni naiz haien neguaren kontra egiten duena. Gerra gobernatzeko modua baino ez dela dioena. Patriot Act guztien kontra dagoena.

Ni naiz, besterik gabe, Rimbaud poetak zioen bestea. Je suis l'autre.

Pentsatzen dut; beraz, bestea naiz. Ni naizena naiz.