Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Besteak bezalakoak ez direnak

Joxe Arregi, ustez, ETAko militantea zen. Horregatik atxilotu eta torturatu zuten, hilzorian uzteraino torturatu ere, haren segurtasunaren ardura zutenek. ETAko militantea izateak biktima izaera kenduko ote ziokeen? Arregiri bost axola dio, baina argi dago haren heriotza bestek egina, bidegabea eta legez kanpokoa izan zela. Beraz, ETAkoa izan balitz ere, Donamariako mojatxoa izan balitz bezain biktima da. Badakit askoren ustez ETAkoa izan ez balitz ETAkoa izanda baino biktimagoa izango zela. Joxean Lasa eta Joxi Zabala ere ETAkoak omen ziren, baina inongo epaitegik ez zuen halakorik esan. Beren militantziaren arabera ote dira biktima?

Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi...? Eta segurtasun (?) indarrek manifestazioetan eta errepideko kontroletan hildakoak? «Ingurukoak» diren, ezta? Martxoaren 3koak, German Rodriguez, talde parapolizialek hildakoak... Beste horrenbeste. Edo Lakuako Gobernuak ikertzen hasiko den 3.357 tortura kasuetako protagonistak. Salaketa horiek guztiak gezurrezkoak al dira? 3.587 lagunek (Lakuako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak eta EHUko kriminologia institutuak orain arte osatutako zerrendakoak) eta beste askok tortura salaketa faltsuak egiteko harako «kontsignari» jarraitu al diote? Arregi, Muruetagoiena, Zabalza edo Iantzi, besteak beste, harago joan ziren, nonbait, Gobernu espainola izorratzearren hiltzeko kapazak izan baitziren.

Nolanahi ere, herri honetako gatazka ukatzen duen kontaketak ez du biktima guztiak «nahastea» onartzen; horregatik, herenegun Gasteizko alkate Javier Marotok esan zuenez, ETAren biktimak ez dira besteak bezalakoak. Beharbada batzuk besteak baino hilago daude, batzuen senideek besteenek baino gehiago sufritzen dute, batek daki.

Arrazoibide horri jarraituta ulergarriago gertatzen da zergatik gizarte laguntzak jasotzen dituzten guztiak ez diren magrebtarrak bezalakoak. Zergatik Emilio Botin ez zen beste iruzurgileak bezalakoa, Justizia espainolak erakutsitako moduan. Eta zergatik «terrorismoaren aurkako borrokaren lehen lerroan» jardundakokek, besteek ez bezala, zenbait urtetan soldatatzar bat jaso behar duten... beren karguan egindako lanagatik zegokiena jaso ondoren.

Zer dakigu guk, ordea, legeez, batez ere idatzi gabeko legeez.