Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Jeanne bakarrik dago

Jeanne Dielmanek (Chantal Akermanen filmeko protagonistak) guraizeak esku artean hartu eta lepoa zartatu dio bere bezeroari asteroko sexu zerbitzua bukatu berritan. Aurrekoetan ez bezala, azken honetan bezeroarekin zerbait sentitu duelako egin du, orgasmoa, akaso, edo atsekabea, zergatik ez.

Ezer senti ez dezan programatu du bizitza Jeannek. Eguneroko errutinaren erritmoa leialki jarraitzen du hartara; kafea birrindu, harrikoa egin otordua prestatu, argia piztu-itzali-piztu, seme nerabearekin hitzik gabeko afariak partekatu.

Bere bizitzaren gaineko kontrol erabatekoan bizi da Jeanne, eta semea duen arren, elkarren arteko harreman subsidiarioan bizi dira. Ez dago maitasunik elkarren arteko keinuetan eta saiatutako korrekzioak finkatzen du araua; leherketaren aurreko istantean bizi dira etengabeki ama-semeak.

Zenbatetan irudikatu ote nuen jadanik helduaroan izango nuen bizimodua. Imajinatutako etorkizun horretan bizitzeko modua, betiere espazialki infinitua eta denboran zabala. Familia den instituzioaren inguruko zalantza guztiekin, lagunduta eta aldi berean solte. Jeannen bakardadeak, ordea, lausotu egin ditu sarritan umezurtz geratzen zaizkidan proiekzioak.

Norberaren autonomia aldarrikatzen duten diskurtsoen belaunaldikoak gara. Nire edadekoen artean gero eta ugariagoak dira «bakarrik eta loturarik gabe bizi nahi dut» esaldipean jendarteratzen diren pertsonak -proportzioan gehiago gizonezkoak-. Zabalduz doa bakarrik eta loturarik gabe bizitze hori dela norberaren askatasuna balioztatzeko baldintzarik gorenena. Halere, egunero ingurura begiratzea baino ariketa errealistagorik ez dago, elkarren artean etengabeko trukean bizi garen humanoak garela antzemateko.

Eduardo Apodakaren hitzetan, autonomia modernitatearekin batera sorturiko proiektu zapuztua da. Hortaz, egun indibidualismoaren mantupean biziko ginateke, autonomiarenean baino. Egia da asko errepikatzen dela norbanakoa dela errealitatea ulertzeko modu bakarra. Baina izaki sozialak gara eta norbanakoaren eraikuntza gizartearekin lotuta dago ezinbestean. Ezin, beraz, norbanakoa egin, gizarte harremanak landu gabe. Ezin norbera izan, komunitaterik gabe.

Elkarrekin eta nor bere buruarekin bizi gaitezen proiekziorako erreferentzia gutxiegi ditugu. Baina nik argi daukat, ez ginen Jeanne bezala bizitzeko jaio. Ez ginen bakarrik bizitzeko jaio.