Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Mendekua eta justizia

Oraingoan, mendekuak ez du irabazi, zorionez. Hildakoaren familiarekin hasita, su berriak piztea baztertu du jendeak. Eta aitortu beharra dago ez dela erraza

Hotzean, erraza izaten da mendekua baztertzea justizia lehenetsiz. Beroan, ordea, zirrara zorrotz baten menpe, esaterako, askoz ere zailagoa da. Senak eta barne erredurak begi baten ordez beste bat hartzera bultzatzen ahal du edonor. Orduan, hain zuzen ere, hartzen du justiziak bere zeregin nagusia, mendekuen kate bukaezinak galaraziz.

Aste honetan Tafallan gertatutakoak izugarrizko zirrara sortu du jende asko eta askorengan. Lehen uneko ustekabea amorru eta tristura bilakatu zen gerora. Herri osoa hartu zuen altzoan tristura erraldoiak. Zauri larriak omen zirenak heriotza bilakatu eta halakoetan, sentimenak lehertzen dira. Gaztetxo baten bizitza moztuak ez du guttiago merezi. Bizitzak prestatzen gaitu helduen heriotzarako, eta halere kolpatzen gaitu, zeresanik ez gazteekin gertatzen delarik! Ezin ulertuz, argipen bila ibiltzen gara, azalpen borobil baten beharrak astindurik. Batzuetan, berriz, zalantzak pilatzen dira, irakurketak korapilatzen dira eta ez dakigu zer pentsatu. Halakoetan, aurreiritziek hartzen ahal dute nagusitasuna: batzuk gaiztoak dira berez, beste batzuk zintzo eta normalak, alta.

Oraingoan, mendekuak ez du irabazi, zorionez. Hildakoaren familiarekin hasita, su berriak piztea baztertu du jendeak. Eta aitortu beharra dago ez dela erraza. Nonbaitetik atera behar da amorrua, zerbait egin behar da dena jaten duen tristura horrekin. Nola bete hildakoak utzitako zulo handi hori?

Mendekua hartuz ez, argi dago. Arrazoi osoz kritikatzen dugu errepresioaren atzean dagoen mendekuaren logika. Arrazoi osoz baztertzen dugu hainbat gatazkatan nagusitzen den mendeku joera. Eta arrazoiaz betetzen dugu gure burua, argudioz hornitzen dugu gure herria halakoetan, mendekua baztertu eta bestelako bideak lehenesten ditugunean. Izan ere, etxean hasten da logika berri eta askatzaile baten eraikuntza.

Ez naiz justizia abstraktuaz ari, jakina. Ezta gaurko espainiar justiziaz ere. Ederki ezagutzen dugu. Eraiki behar dugun justiziaz naiz mintzo, baina biharkoa gaur eraikitzen ez badugu, ez zaigu zerutik jaitsiko. Egoera zailenetan preseski adierazi behar baitugu gu ez garela mendekuzaleak, justiziazaleak baizik.

«Erraza da hala idaztea hildakoa zure semea edo zure laguna ez delarik», esanen didazue agian. Eta arrazoia duzue. Horregatik, aintzat hartu eta goraipatu behar dugu Robertorekin harreman estua zutenen erantzun heldua.