Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lehorretik hasita, kuotak

Paradigma berriak behar ditugu, galdera zaharrei erantzun berriak emateko. Are gehiago, galdera berriak ere egiteko. Hitz berriak hiztegi berrituan, eduki berriekin. Lehen «etorkin» esaten genion kanpotik aukera berrien bila zetorrenari; ez dakit «joakin» esango ote zioten aukeron bila sorterritik kanpora joan behar zuenari, sorterria batzuetan gure lurraldea bera izanda ere. Edozelan ere, bizitzeko moduko bizitza zuten helburu alde egitean. Gaur «migratzaile» esaten ditugu, baina helburua bera: bestelako bizimodua amets. Hitza aldatu da; ametsa amesgaizto bihurtu eta Mediterraneoko urek inoiz baino testigantza gehiago jasotzen dute gaur, gorpu egindako testigantzak. Gero eta zailagoa da itsas antzeko horretan arrantza egitea, Beltza baino beltzagoa, Hila baino hilagoa... sareak jasotzean gorpuz beteagoak arrainez baino. Batzuek, kontzientzia antzeko zer horrek eraginda-edo, Mediterraneoan kuotak jartzea proposatuko bide dute, bertako uretan gorpu gera daitezkeen migratzaileen kopurua mugatu nahian edo. Kapaz! Bada ere, seguruenik, tragediari denboraren perspektibaz begiratuko dionik ere, hazkunde ekonomikoa helburu, eta, hala, materia organikoan gero eta aberatsagoa den Mediterraneo hori bihar-etziko petrolio-hobi berritua ikusiko duenik. Hobia konbentzionala izan edo izan ez. Hau kolpea! Biharko europarren energia gaurko afrikarrek emanda. Amen.

Energia berriztagarria! Pentsatuko luke Troikakoren batek, jendaurrean esatera ausartu gabe, edo kasik. Jakina, berriztagarria, baldin eta etengabe segitzen badute gorpuzkiek hon- doratzen. Afrikarrak behean beude, eta usteltzen! Europarrak hiltzean goian orbangabe egoteko! Hortaz, hobeto kuotarik ez itsas antzeko horretan! Ama, ama! Zer diferente behar duen izan horko uretan portutik porturako kruzeroan joan edo txalupa itxurako ontzian jitoan. Izango al dute izenik ontziok? Inoiz ez dute albistean hori esaten. Konkordia izenekoren bat ote horien artean? Kapaz! Ulertzen erraza ez zaidan beste kontu bat, zergatik kruzeroek hondoa kosta inguruan jo eta bestelako ontzi horiek itsas zabalean? Bai, paradigma berriak behar. Erreskatatzeaz, esate baterako. Zer erreskatatu eta zer hondoratzen utzi argitzeko premia dugu. Itsasoan zein lehorrean, eta lehorretik hasita, kuotatan ere.