Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Indartzen

Marie familia aktualitatearen erdian izan dugu aste honetan. Familia horretako kideak horretara ohituak baldin baziren, aldi honetan karakterizazioak eta egoerak ez dira berdinak. Hasteko, Bernard Marie joan da. Luzaz Ipar Euskal Herriko politikan izan genuen 1967tik 1991ra. Ipar Euskal Herriko diputatu eta auzapez Miarritzen, politikaren iraunkortasunaren erakusle izan dugu. Turismoari lekua zabaltzen eta eskuinari eremua indartzen, Chirac-en jarraitzailea izan zen. Azkenik, Tunisiako iraultzaren erdian entzun genuen bere izena, bere alabak bertan eragindako ika-mika sutsuen ondorioz, bertako diktadorearekin omen zituzten harremanengatik. Alliot Marie andere boteretsua Ben Aliren alde jarri zen frantses Parlamentuan, eta ondotik Donibane Lohizuneko auzapez ohiaren beherakada hasi zen. Geroztik etengabe politikan egin dituen urrats kaskarrak agertzen ari dira. Azkena heldu da Herve Falcianiren eskutik, Justizia ministroa zelarik eskaini zuen zerrendaren estaltzea leporatzen baitio.

Hilabetea pasa da Pariseko atentatuak iragan zirenetik. Zerbait aldatu al da? Aldizkariaren kutxak beteak dira, harpidetzaz lepo. Terrorismoaren kontrako lege berriak sortu nahi dituzte, azken hamar urteetan ia-ia urtero lege berria bozkatu izan bada ere. Zigorrak gogortzen joaten dira eta kartzelan bukatzeko aukera handiagoak dira. Bestalde, musulmanek jasaten duten bazterketa eta jazarpena indartzen joan dira. Ez du ematen agintariek arazoaren sustraietara joan nahi dutenik. Kanpoko arazoetako politikan ez da aldaketarik eta barne politikan egunkariek lehen lerroak Hollanderen maitaleari eskaintzen dizkiote. Alegia, Frantzian dena ongi dago!

Fronte Nazionala ez dabil gaizki, hauteskundeetako aukerak handitzen ari zaizkio. Oztopoz oztopo aitzina doa alderdia, klase politika osoa ezintasunean dago eta garaipen garrantzitsu batzuen bezperan kokatzen ari da FN. Zertarako politikari profesionalak, horrelako egoera bati erantzuten ez badakite?

Ipar Euskal Herrian FN propaganda kanpainak indartzen ari da, ausartago heldu da. Frontearen eragina nahiko ahul egon da urteetan; horrek ez du erran nahi alda ez zitekeenik. Orain arte nahiko finkoak ziren eremuak; alegia, faxismoaren aurkako jarrera tinkoak. Hain tinkoak ez direla nabarmentzen ari da. Fronte Nazionalak duen diskurtsoa herritarrek entzun nahi dutenetik hurbil dago, herritarrek ahantzi nahi balute bezala FNk ekarriko lukeen aldaketa ezagutzen dugula.