Nagore BELASTEGI
Kronika

Arropa biziak jantzita eta usadio zaharrari jarraituz, joan dira aurtengo inauteriak

Oroitzapenean hain une politak uzten dizkigun festak agurtzea ez da erraza izaten, baina beharrezkoa ere bada. Hala, atzo iritsi zen azkenean Euskal Herriko txoko desberdinetan gogoz ospatzen diren inauteriei amaiera emateko unea. Tolosan karrozak atera zituzten beste behin, Lantzen Miel Otxin harrapatu zuten eta Bilbon sardina erre zuten.

Amaitu dira inauteriak, eta seguru batek baino gehiagok eskertuko duela. Atzo, azken esfortzua egin zuten Tolosan eguraldi kaskarraren aurrean aurpegirik alaiena erakusteko, baina etengabeko euriak eta nekeak animoak pixka bat zapuztu zituen.

Astelehena asteartera arte luzatu zutenak izan ziren eguraldiari gutxien erreparatzen zietenak. Egiako lau gazte sokamuturra noiz aterako zain zeuden. Pelukak eta arropak mela-mela eginda zituzten, baina azken orduan plastikozko txubaskeroa jartzea otu zitzaien. Hala ere, soinean zituzten tripa handiek ur dexente xurgatu zuten.

«Konpainia onean zaudenean erraz aguantatzen da parrandan», esan zuen peluka beltza zuen neska batek. «Kapa, gogoa eta dirua besterik ez dira behar», erantzun zuen ileorde kizkur berdina zeraman lagunak. Bitartean, peluka horia zeraman mutila zerriz jantzita zegoena xaxatzen ari zen, sokamuturren aurrean korrika egin zezan. Hotza egiten zuen, oso eguraldi desatsegina egiten zuen, baina ez zitzaien inporta. Garagardoa eskuetan zutela, umoretsu zegoen kuadrilla: «Hauena mozorrorik onena da -zioten DYAko boluntarioei begira- hemen daudelako konfiantza ematen dute, baina gezurretakoak dira. Begira ze karroza prestatu duten!», aipatu zuten anbulantzia seinalatuz.

09.00etatik 11.00etara giroa lasaiago zegoela kontatu zuten, baina gau itzela pasatu ostean pattar zezena ikustera joan ziren plazara. «Oso dibertigarria izan da!», gaineratu zuten. Haien alboan zegoen eta gaupasarik egin ez zuen tolosar bat, erlezainez jantzita bera, ez zen iritzi berekoa: «Jende gutxi zegoen plazan, lokatza dago... sokamuturrak ere, begira, ez dute korrikarik egiten irristatu egiten direlako».

Egia esan, ondo portatu ziren bigantxak eta ipurdiko gutxi banatu zituzten. Lau hankako animaliak bi hankako animalien atzetik egiten zuen korrika (ez dago inor iraintzeko asmorik; korrikalari gehienek animalia mozorroak zituzten) eta segituan kamioira gerturatzen zen ea atea zabaltzen zioten, euripetik ihes egiteko.

Euriaren beldur ez ziren, ordea, farol bati garrasika ari ziren beste gaupasero batzuk. «Apaga la luz, Mari Luz, apaga la luz» esaten zioten, baina begira ari ziren argia ez zetorren faroletik, laino artean ezkutatuta zegoen eguerdiko eguzkitik baizik. Askotariko osagarriak zituzten soinean. «Atzo printzesaz jantzita etorri ginen, baina tabernetan ileordea, koroa eta zetroa galtzen joan ginen eta beste gauza hauek aurkitu», zioen pailazoaren ileordea eta betaurreko berdeak zeramatzan mutilak.

Dantzak eta parodiak

Bestelako giroa zegoen Plaza Zaharraren inguruan. Gorrotxategi kafetegian txokolatearekin barrenak berotzen ari zen kuadrilla batek ipurdiak azkar altxatu zituen aulkitik txaranga paretik pasatzean. Atzetik segika zeudenak ez ziren asko, baina ari zirenak, behintzat, alai-alai.

Triangelu Plazan hasi ziren elkartzen karrozak. Gazteenek egindakoak taberna ibiltariak ziren; sinpleagoak, edariekin eta musikarekin. Helduagoek egindakoak, berriz, hori baino gehiago ziren. Koreografiak edota antzerkiak prestatu zituzten.

«Koldo Erretegia» deituriko karrozaren kanpoaldean barbakoa zuten piztuta, baina barnealdea ez zetorren bat erretegi kontzeptuarekin. Argi gorriek eta barra baten inguruan dantzatzen ziren neska erdi biluziek erretegia baino bestelako taberna bat zela iradokitzen zuten.

Alboan zituzten ipotx buruhandiak. Gorputz erdia txano erraldoi batez estalia zuten, eta «ipurdia» belaunen parean kokatuta eta «aurpegia» sabelaren gainean marraztuta, hauek ere dantzan. Haien irudi xelebreak jende asko erakartzen zuen. Supiztaileek ere askoren atentzioa deitzen zuen. Izan ere, karroza baino kamioia zuten. Kanpoaldean arropa gutxi zuten suhiltzaileen irudiak zituzten itsatsita eta jendeak barrura begiratzen zuen jakin-minez.

Mexiko gaitzat hartu zutenak asko izan ziren. Kuadrilla batek kantina prestatu zuen mariatxi eta adelitekin. Beste batek Hildakoen Eguna delakoa oinarri hartuta, karroza ilun baina dotorea prestatu zuten, eta aurpegian garezurrak marraztu zituzten. Iparraldeko Mexikotik gerturatu ziren arkupeetan babestuta zegoen kuadrillakoak. Lasto fardelekin barruti bat osatu zuten, eta halako batean esatariak mikrofonoa hartu eta gertatzear zena aurkezten hasi zen. «Nola egiten duen euria Vascongadetan!», bota zuen lehenik azentu mexikarra jarriz. «Hementxe ditugu gure bi oilarrak: gorriak `Cabezon' du izena eta beltzak `Napoleon'. Has daitezela apustuak! Amaieran tekila egongo da guztientzat». Ordura arte publikoa zirikatzen ari ziren oilarrak barrutian sartu eta elkarri mokoka hasi ziren «Napoleon»-ek lurrean amaitu zuen arte, «Cabezon» gainean zuela. Ikusleek ederki pasatu zuten, barrez lehertzen.

Beste hainbat pertsona bildu ziren -The Candymen- kartela zuen txokoan. Hiru mutil atera ziren halako batean, marinel neskez jantzita, Christina Aguileraren -Candymen- abestiarekin dantzatzen, bideokliparen parodia eginez. Haien parean lasai asko zegoen trajez eta arantza koroa buruan jarrita. Alboan zuen laguna munstro bat zen, mahaian jarrita zituzten gainerako buruak bezalaxe. Bi lagunak jaten eta edaten eman zuten eguna, «azken afaria» omen zen hartan.

Karrozarik alaienak kaleetan barna zebiltzan, prestatutako dantzak erakutsiz. Antzinako eskola batean AC/DC taldeko Angus Young gitarristaren doinuekin dantzatzen ziren ikasleak. Aurrerago zituzten oraindik antzinagokoak ziren Tebasko merkatuko saltzaileak, eta beren espezieak, lihoz eginiko arropak, elikagaiak... Autobus gorri bat arrastaka zeramaten Tolosara Txinatik, Estatu Batuetatik edota Andaluziatik iritsitako turistek. Gidak esaten zien lekuetan argazkia ateratzen zuten poz-pozik. Haiengandik gertu zegoen Julian Muñoz kartzelan sartuta Itxabel Pantojaren askatasuna eskatzen, eta azken honen irudi erraldoi bat ere bazuten, jantzi marradun zuri-beltza soinean zuela.

Merkatu plazan euriaz babesten zirenen artean Aranzadi Zientzia Elkarteko kidez mozorrotzea erabaki zuen familia bat zegoen. Trebeziaz eta aditasun handiz garbitzen zituzten espeleologo txikiek aurkitutako aztarnak.

Datorren urtera arte

Tolosan txarangekin amaitu dituzte inauteriak, baina beste herri batzuetan suak ematen dio amaiera festari. Adibidez, Lantzen, Ziripot lodikote eta baldarra Miel Otxin lapurraren bila atera zen kalera. Egun osoan zortzikoa hainbat aldiz dantzatu zuten, eta kalejiran herri osotik ibili ziren herritarrak batera, Zaldiko, lapurraren zaldia, Ziripot lurrera botatzen saiatzen zen bitartean. Ez zuen ezertarako balio izan azkenean, iluntzean, Ziripotek, txatxoen laguntzarekin, Miel Otxin harrapatu zuen. Epaiketaren ostean, herriak erabaki zuen pertsonaia gaiztakerietan ibili zela; Zaldikori ferrak jarri zizkion perratzaileak eta lapurra erre egin zuten.

Bilbon, berriz, tristuraz agurtu zituzten inauteriak. Arratsaldean, sardinaren segizioa egin zuten kalean eta ondoren, azken agurra emateko, erre egin zuten Arriaga Plazan. Bertaratutakoak beltzez jantzi ziren eta kandelak piztu zituzten benetako hileta bat izango balitz bezala. Sardinaren onena da, Mari Jaia bezala, datorren urtean berriro itzuliko dela indarberrituta.