Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Yemen ez da Bahrain

Obamak Riadera egin berri duen bisitaldi isilarekin jakin-minez geratu ginenok sarrailaren zulotik zerbait ikusten hasi garela esan liteke. Yemengo mapa behintzat begizta dezakegu horman zintzilikatuta, bilkura gelan.

Aldaketa politiko-militar galantak (eta bizkorrak) jazotzen ari dira Arabiar penintsulako anaia pobrearen etxean. Obama Riadera ailegatu zenerako, Sana hiriburuaren jabe ziren matxino hutiak; eta hura etxera zihoan bitartean, de facto zuten kontrola de iure bereganatzeari ekin diote gerrillari xiitek, kontrolpean duten lurraldean. Noski, inguruko herrialdeek ez nazioarteko erakunde nagusiek (Liga Arabiarrak, Nazio Batuek...) ez dute onartu Mohammed Ali al-Huti buru duen Komite Iraultzailea; eta, teorian bederen aita ponteko lukeen Iranek ere ez dio ongietorririk egin, ageriki behintzat. Baina, era berean, oraingoz inork ez dirudi hutien aurka indarbidera jotzeko prest, barne gatazkan aurkari dituztenei mesede egitea litzatekeelako, eta hori...

Oso gatazka konplikatua baita hangoa. Yemen ez da Bahrain, ezta Somalia ere, ezta... Botereaz -edo haren ikurrez, bederen- jabetu direnei «hutiak» deitzea ere ez da oso egokia jada: matxinatuta hogei urte daramatzan leinu horretakoak badira ere erreboltaren buruzagiak, gero eta argiago dago Yemengo xiita zaidien (hau da, populazioaren heren baten) onespena-edo dutela; eta iraganean ere Yemengo zati batean izandako erresuma xiitaren oinordeko gaurkotuen aurrean egon gaitezkeela. Zaila da, bestela, ulertzea nola Ali Abdullah Saleh diktadore ohia (baina xiita, bera ere) bihurtu den iraganean hain etsai zituen hutien aliatua, al-Ahmar jeneral sunitak, Islah alderdi wahabistako buruzagiekin batera, Saudi Arabiara ihes egin duen bitartean.

Gu bezalakoek ere ulertzeko modukoak dira, hala ere, Yemenen gertatzen ari denaren gakoetako batzuk. Begien bistakoa da bat: egungo gatazkak, garai bateko bi estatuen mapa berrirudikatzen du; ezberdintasun «txiki» batekin: hego-ekialdean orain nagusi dena ez da erregimen sozialista laiko bat, Al-Qaeda baizik. Eta hedaduraz zein biztanleriaz, Yemenen matxinada(k) amatatzeko inoiz ez litzateke nahikoa izango tanke batzuk bidaltzea (Saudi Arabiak Bahrainen egin bezala) edota airetik milaka bonba botatzea (Obamak hainbeste lekutan egin duen bezala).