Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Alegia ala magia, kudeaketa

Lana egiteko postuak behar dira, eta postu horietakoa ganoraz ordaindutako gustuko lan eraginkorra balitz askoz hobeto. Baina ganora eta gustua ez omen dira indarrean den mundu honetako estatistikek bilatzen dutena, kurbak osatzeko behinik behin; eta eraginkortasuna, segun eta zertaz ari garen. Lanpostu berriak non eta Justiziaren fabriketan bai gero! Ez dira, bada, ustelkeria kasuak nonahitik agertzen ari! Dibertsitate gehiago dago ustelen artean Amazonia osoko intsektuetan baino, diot nik. Han, hor eta hemen ageri ere. Bai, hemen ere, lege zaharrek ez baitute halabeharrez txertorik eskaintzen gaixotasun batzuen aurrean, are gehiago birusaren eramaile ere izan litezke. Gaixotasuna esan dut baina gaiztotasuna beharko. Edo keria. Pentsatzekoa da honezkero ingurumen honetan garbiena zabortegien lixibatua dela, datorren lekutik datorrela ere. Eta lohiena, zikinena, hainbat bulegotan isurtzen dena, datorren lekutik datorrelako seguruenik.

Tira, harira! Demontre! Justizia auto-industriaren sektorean kokatu liteke epe motzean, hain dira ugari hortik aterako diren autoak! Gainera, orain eta hemen, beste auto bat ekoiztu beharko du hango Justiziak hemen duen sukurtsalak. Bai, Hirikoz ari naiz. Hauxe kolpea! Autoa izan behar zuena, gero auto izan ez eta azkenean beste batzuek auto bihurtu, elektrikoa ez bada ere! Izena eta izana. Porrotaren garaipena esango luke baten batek! Hala ere, ikusi beharko da zenbateko autonomia duen oraingo auto horrek eta zein duen bidesaria. Hamaika ikusteko gara gero! Hamaika bai, baina auto elektriko hura ikusi ez, ez eta ikusiko ere. Batzuen magiaren seinale. Amen. Demonio! Bai zama pilatu gero Justizia sektorean aritzen direnei! Behien gorotzak kutsatu bai, landa baino gehiago moketak kutsatu ere, baina balantzea bere osoan hartuta gehiago kutsatzen du gorotzok ongarri bihurtzeko ordaindutako alegiazko lantegi batek. Magia.

Gauza bat da batzuek ekonomia materiagabetu nahi izatea, bat nator ni horretan, baina beste gauza da, bestelakoa esate aldera, alegiazko gauzatzeak diru komunaz majo ordaintzea. Horra promestutako lurra! Non da? Jainkoak baleki bere lege zaharrak gaurkotuko lituzke! Pasatutako ur korronteak errota mugitzen ez badu ere, batzuen agintaldian mugitu ez den lurrak bai kontu korronteak mugitu gero! Magia berriz ere. Horrela ulertu batzuek kudeaketa: alegia ala magia.