23/02/2015

Inhar Urruzonok aurreikuspen guztiak bete eta Aiako Torneoa irabazi du
J.L.

Inhar Urruzunok irabazi zuen atzo Aiako Torneoa. Bizkaiko txapelduna da bera, eta ez zuen hutsik egin, bera baitzen garaipena lortzeko faboritoa.

75 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko zilindro zaharra eta 125 kiloko zilindro berria ziren lanerako erabili zituzten harriak. Harri bakoitzarekin lanean aritu ahal izateko hiru minutuko txandak izan zituzten.

Urruzuno izan zen onena harri guztiekin, eta denera 10.000 kilo bizkarreratu zituen, eta guztira 102 jasoaldi eman zituen. Bigarren postuan, Telleria IV.a sailkatu zen. Urnietakoak 9.000 kilo jaso zituen, eta denera 93 jasoaldi ere bizkarreratzea lortu zuen.

Josetxo Urrutiak eskuratu zuen hirugarren postua, eta leitzarrak 8.775 kilo jasotzea lortu zuen, eta denera 91 jasoaldi egin zituen. Laugarren eta azken postuan Eizagirrek amaitu zuen. Zarauztarrak 8.050 kilo jaso zituen, eta 85 jasoaldi egin zituen. Jagoba Otaegi ere bertan izatekoa zen, baina Aizarnako harri-jasotzailea min hartuta dago, eta ezin izan zuen atzo Aian lanean aritu. Berrikuntza, berriz, 75 kiloko harria izan zen, 39 urte eta gero plazaratu baitzuten, eta zaleei ikaragarri gustatu zitzaien.