02/03/2015

Bi faboritoak Azpeitiko final nagusian izango dira

Daniel eta Iker Vicente Eneko Otañoren eta Eneko Saralegiren aurka neurtuko dira datorren igandeko saioan. Bi bikoteek hasieratik izan zuten kontrolpean finalerdia, nahiz eta apur bat sufritu behar izan zuten.

Jon LEUNDA
P038_f01

Ez zen ezusterik izan, eta Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako Binakako Txapelketako finalerako Daniel eta Iker Vicente eta Eneko Otaño eta Eneko Saralegi sailkatu dira. Beraiek ziren faboritoak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin, nahiz eta biek izerdi asko bota behar izan zuten.

Larunbatean Bilbon zen izatekoa, baina azken orduan aldatu egin behar, eta Ondategira eraman zuten finalerdietako saioa. Iker eta Daniel Vicentek lortu zuten garaipena, nahiz eta uste baino gehiago kostatu zitzaien. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana. 34an bota zuten aipaturiko egurra, eta 46na behar izan zituzten Alkizaletek eta Alberdik, baita Aitor Senosiainek eta Iban Resanok ere.

Jarraian 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor Resano eta Senosiain II.a gailendu ziren. 1.01 izan zen euren denbora eta bi segundoren tartea kendu zieten vicentetarrei, eta bosten aldea gipuzkoarrei.

Hirugarren lanean, berriro ere 45 ontzakoa izan zuten aurrean, baina oraingoan zutik jarrita. Daniel eta Iker gailendu ziren. Euren lana minutu eta 33 segundoan amaitu zuten. Atzetik Alkizalete eta Alberdi sailkatu ziren, eta haiek minutu eta 45 segundo behar izan zituzten. Minutu eta 51 segundo, izan zen, berriz, Senosiainen eta Resanoren azkeneko denbora.

Ondoren bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hor Alberdi eta Alkizalete izan ziren onenak. 2.57 izan zen euren denbora eta 3.11 Vicente aita-semeena. Atzetik geratu ziren Resano eta Senosiain. Iraupen proban, bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta Otsagabikoek irabazi zuten. 8.19 izan zen euren denbora. 8.46 izan zen Senosiainen eta Resanoren denbora eta 8.51, berriz, Alberdirena eta Alkizaleterena.

Lan guztiak burutzeko, 14 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten Iker eta Daniel Vicentek. 15 minutu eta 27 segundo Alkizaletek eta Alberdik, eta 15 minutu eta 54 segundo, aldiz, Resanok eta Senosiainek.

Beizaman

Atzo Beizaman jokatu zen bigarren finalerdia, eta han ere ezusterik ez zen izan, Otañok eta Saralegik egin baitzuten aurrera. Bezperako lan berdinak izan zituzten hauek ere. Kolpekakoan faboritoak gailendu ziren enborra 38an botata, eta hiruren aldea kendu zieten Rodriguezi eta Irazabali eta zortzi Mugertzari eta Larrea III.ari

Bigarren lanean ere faboritoak nagusi izan ziren, lana minutu eta 13 segundoan amaituta. Mugertza eta Larrea segundo batera sartu ziren, eta Irazabal eta Rodriguez 24 segundora. Hirugarrengoan, berdinduta geratu ziren Otaño eta Saralegi eta Rodriguez eta Irazabal, lana minutu eta 58 segundoan bukatuta. Mugertza III.a eta Larrea III.a 25 segundora sailkatu ziren.

Laugarrengoan Beizamakoa eta Leitzakoa izan ziren berriro ere onenak. 3.21 izan zen beraien denbora. Atzetik Segoviakoa eta Bizkaikoa sailkatu ziren 28 segundora, eta Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa, berriz, minutu eta 28 segundora geratu ziren.

Iraupen proban onenak Irazabal eta Rodriguez izan ziren. 8.15 izan zen beraien denbora. Otañok eta Saralegik 8 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten, eta 10.29 Mugertza III.ak eta Larrea III.ak.

Denera, 15 minutu eta 43 segundo behar izan zituzten Otañok eta Saralegik. 16 minutu eta 20 segundo Rodriguezek eta Irazabalek, eta azken Mugertza III.a eta Larrea III.a sailkatu ziren, eta 19.40 izan zen denbora.

FAMILIA BEREKOAK. Bigarren Mailako final honek familia bereko hiru kide izango ditu aurrez aurre. Daniel eta Iker Vicente aita-semeak dira eta Saralegi haien iloba eta lehengusua da.