Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Burua sostengatzen duena

Gorte itxi eta endogamiko batean, erregeak eta bufoiak urteetan mila aldiz errepikatutako eszena bat antzezten dute. Gaztelu absurdo hau bi zatitan bereizia dago: goikoa arrentzat gordea, eta behekoa emeak isolatzeko pentsatua. Zapalkuntzari eutsi nahi dion erregearen egitekoa beheko emea goiko arrarekin inoiz ez elkartzean datza.

Eta eszenatoki horretan, komedia absurdo eta gupidagabe bat eskaintzen dute aktoreek, beren gorputzen presentzia deigarria bikaintasunez baliatuz. Pertsonaien sentsualitate likitsak eta objektuen dekadentzia narrasak egoera deseroso eta aldi berean erakargarri bat sortzen dute. Tarteka marrazki bizidunak bezala mugitzen diren gorputz horiek egundoko aktore -eta zuzendari- lana ezkutatzen dute.

Hala ere, hau ez da mimoa. Gorpuztasun gordin eta esanguratsu horren ondoan, pisu handiko obra literario bat dakusagu. Luis Riazaren testua, nahita erretolika handiz egina, alegoria iradokitzailea da. Generoa eta boterea, bistan da, planteamendu osoaren ardatza dira, hala nola sexua eta haragikoitasuna. Ziarrustaren itzulpen bikainak ez du erabat arintzen testuaren zailtasuna.

Dena den, antzezlan honetako alderik onenak ez dira ulertzen; sentitu egiten dira. Hemen burua ez da piztu behar den gailu bakarra: buru hori sostengatzen duen haragi puska, teatro burgesean besaulki gainean eroso-eroso itzaltzen dugun horixe da, hain zuzen, adi-adi paratu behar dena.

Artauden belarri puntak nabaritzen dira eszenaren iluntasunean: gorputza gorputzari mintzo, esango luke frantziar eroak.