Zergatik (ez) niri?...
Endekapenezko gaixotasuna du Joan Mari Irigoienek. 2012an jakin zuen. Gauza asko pasa dira ordutik idazle donostiarraren burutik. Eritasuna irensteko bidean depresioa ere izan zuen. Bizitzari beste ikuspegi batetik begiratzera behartuta ikusi du bere burua, baina atakatik ateratzea ere lortu du. Orain, sentipenak biluzi ditu liburu batean.

Slawomir Mrozek. Idazle poloniarra. Absurdoaren maisua, bai literaturan, baita antzerkian ere. 2002an ezbehar zerebrobaskularra izan zuen; iktus bat, eta afasia eragin zion. Ezin hitz egin, eta ezin eskuak idazteko mugitu. Tratamendu baten ondoren, eta gorputz-adarretako mugimenduak egiteko gaitasuna berreskuratu ahala, medikuak bere memoriak idazteko gomendioa egin dio. Memoria eta eskua trebatuko ditu horrela, baita hizkuntzarako gaitasuna ere. Absurdoaren maisua errealismora igaro da erradikalki. Gaixotasunak bizitzaren ikuspuntua aldatu dio, eta idazkuntzan ere badu eraginik.
Disartria eragin dio Joan Mari Irigoieni (Donostia, 1948) 2012an diagnostikatutako esklerosiak: «Garai batean, erbi bat nuen mihian. Orain, dortoka bat». Hizketarako zailtasuna eragiten dio, baina luma bizirik mantentzen du oraindik.
Goizeko hamaikak jotzeko ordu laurden falta dela iritsi da Donostiako Elkar aretora. Zapia saman lotuta darama, betiko estetikari eutsiz. Andu Lertxundi beranduago sartu da, kasik bere atzetik. Berak lagunduko dio «Bi urtetako kronika fakultatiboa»-ren (Elkar) aurkezpenean. Jendetza batu da. Kazetariez gain, ezagun eta senide ugari hurbildu zaizkio Irigoieni. Eseri dira protagonistak aurkezpen mahaian. Bera lekuko isila izango da. Badoa Lertxundi...
Aitortza
Mrozeken eredua du aipagai. Nola absurdotik errealismora erradikalki egin zuen salto, gaixotasunak hala bultzatuta. Eta Irigoieni begiratu dio: «Berak ere aldatu du bere tonua liburu honetan, oso gutxitan erabili izan duen tonua da». Poema liburua da «Bi urtetako kronika fakultatiboa», baina «kronika medikoa» ere bada, baita askatasunetik egindako zerbait ere. Aitortza bat dela iritzi dio Lertxundik. «Aitortu egiten du azken urteetan bizi izan duen bidea, bizi izan dituen tentaldiak, bere baitako amildegitik sortutako egoerak. Aitortza bat da», errepikatu du.
Euskal literaturan halako aitortza gutxi oroitzen ditu. Bitoriano Gandiagaren «Denbora galdu alde» da salbu geratzen den horietako bat. «Bizitzaren ikuspegian, bizitza bizitzeko moduan erlijioak sartu digun diziplina hori gainditu beharraz ari da. Bere bizitza jarri du psikiatraren esku eta aitortzen dio bizitzaren eta jaso duen heziketaren zamak zer eragin dion. Zertarako? -galdetu du-. Beste bizimodu berri bat inauguratzeko». Eta berriro begiratu dio Irigoieni: «Berak ere bere formazioak utzi zion pisu guzti hori gainetik kendu nahi izan du, galdera fundamentalari erantzuteko. `Zergatik niri? Onenean nagoenean?'. Galdera hori egiten dio `misterio bizi-sortzailea' deitzen dion Jainkoari». «Nola egingo dut Zure aldeko aldarria ezerezaren pareko egin baninduzun?».
Erlijioak literaturan izandako pisuaz mintzo da. Sufrimendua eragin, hil ondorengo bizitzan, Jainkoaren lorian, bizimodu hobea izateko.
Bere aburuz, ataka horretatik ateratzeko bide bakarra da beste galdera baten formulazioa. «`Zergatik ez zitzaidan niri tokatu behar?' Galdera horren oinarrian dago sufrimenduarekin elkarbizi beharra», gaineratu du. «Bi galdera horien artean denbora asko dago, gaixotasuna asumitu arte, onartu arte, prozesu luzea igarotzen da», azaldu du Lertxundik.
Hain zuzen ere, bi galdera horien artean igarotako denboraren kronika da Joan Mari Irigoienek «Bi urtetako kronika fakultatiboa»-n egiten duena. Gaixotasuna diagnostikatu eta ingurukoei jakinarazi ondoren, depresio sakona bizi izan zuen idazle donostiarrak. Eta hortik aurrera, argirantz egindako bidea, azalean anaia Manuelek ilustratutako koadroaren izenburua bezalakoxea; «Argirantz». «Joan Mariren kronika da bi galdera horien artean dagoen prozesua. Oihu bat da. Bigarren galderara iritsi arteko bidaia iniziatiko bat... bere edadean», dio Lertxundik, Irigoienek barreari eutsi ezin dion bitartean.
Kontakizuna hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoa, gaixotasuna diagnostikatu ziotenekoa da. Bigarrenean depresioaren kronika bat egiten du. Eta, hirugarrena, ondorio moduko bat da. Bizitzari nola begiratu. «Saminez ari da hasieran, baina amaierarako bere betiko tonuaren tankera hartzen joaten da», amaitu du Lertxundik. «Paradisuan bizi da haurra, eta haurrak haur bihurtu nau: nola nik hori uka, ni ere Paradisuan sentitzen bainaiz jada, tukuta-tukuta...?».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
