Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zelaitik urrun txaloka

Ekonomiaren osasuna larria da, jokatzen den zelaia hau edo hori izanda ere. Osasunaren ekonomia beste larri. Poeta handiak esan legez, gaixo egotea baino larriagoa da mediku txarra izatea! Adierazgarria, kontu guztietan. Ekonomia bide onera eroateko bestelako zelaietan aritu beharko luke, berezko lurzorua duten zelaiak izan ere, eta horien zati bat, sikiera, baliatu beharko litzateke sendabelarrak haz daitezen, ekonomiaren balizko okerretan berehalako sendagai gisa erabili ahal izateko. Zer gauza handia den lurzorua! Zapaltzen dugunean ere! Eta hau kolpea! Gazte batzuek lurra nahi lanbidea hortik ateratzeko eta Gipuzkoan desagerrarazitako lurrak aurkitu ezinean. Mundu desorekatua gero, gurea!

Tira, zelaitik zelaira! Hemengo katedral batean jokatzen duen taldea hango Kopa finalera heldu berri da. Eta, hara!, kontrarioa Pirinioen beste izkinako taldea da, biak zein biak, izkinez nago, beren osasuna irabazteko zelai berrien bidean ari direla. Buru-belarri ari ere, horien tamaina, buruarena batez ere, gaur-gaurkoz, hor eta hemen, diferentea izan arren. Amen. Total, finala final, abiatu egin dira hemen doako musika ikastaroak. Bai, txistu ikastaroak, danbolina beste okasioetarako utzita. Txistu ozen kolektiboa graziaz eta harmoniaz zelan egin, horixe helburu, eguna helduta hango zelaiko agintarien belarriak momentua goza dezaten.

Futbola nire lehentasunetan sartzen ez bada ere, egun eta ordu horretan, nagoen lekuan nagoela, salbuespenak salbuespen, ni txistukari. Baina, egiatan, hain dira motzak nire belarriak, musika den luzerako, ezen txistutan ere ez dut, seguruenik, ikasiko. Hortaz, badaezpada, txalo ikastaro batean eman dut izena, egun eta ordua helduta txistu ezinean banago ondoan txistuka direnak txalotu ahal izateko behintzat!

Ama, ama! Zelai askoan ari dira hauteskundeak berotzen. Hara, lehengoan ile-apaindegian nengoela irakurria: gure beheko Estatu zer horretan mugimenduak badira baratzezainen artean alderdi berria sortzeko. Nonbait «Podamos» hartuko dute izen. Izana, ostera, zabala, ildo ofizialaz aparte beste bat sortu omen baita, ortuzainena. Euskal adarrari «Kimatzen» izena jartzea omen dute buruan. Betiere bi izenen artean gidoia ipinita, zelaiaren nondik norakoa argi uzteko. Zein adierazgarria den gidoia!