Jon LEUNDA
Harri-jasotzea Marka

Inaxio Perurena 303koa berdintzen saiatuko da

Bihar eguerdian arituko da Asteasuko pilotalekuan. Harri honekin egiten duen bigarren ahalegina da.

Inaxio Perurenak marka pertsonal berria lortu nahi du. Pasa den udaberrian lortu ez zuena egin nahi du, 303 kilokoa berdindu nahi baitu bizkarrean. Horretarako bost minutu izango ditu, eta bihar arituko da Asteasuko pilotalekuan, 12.30ean hasita.

Lau dira 300eko langa gainditu duten harri-jasotzaileak. Inaxio eta bere aita Iñaki, eta horiekin batera Mieltxo Saralegi, markarik handiena duena, eta Gibitegi. Horiek denek kiloak banaka jaso nahi izan zituzten, baina Inaxiok 300ekoa jaso ostean, hiru kilo gehiagorekin plazaratu zen hurrena, nahiz eta helburua ez zuen lortu. Bigarrengoan, ordea, ez du hutsik egin nahi eta bihar eguerdian bere bidean beste pauso bat eman nahi du aurrera.

«Erabakia hartzerako etxean lanak egin behar izaten dira. Urrats hau egiterako jasota egon behar da, bestela ezinezkoa da. Gero, egunean gauzak aldatzen dira. Behin ere ez dakizu nola erantzungo duzun. Han egin behar duzu, beste ezerk ez du balio. Nik neure burua ongi ikusten dut, eta itxaropentsu nago», esan zuen leitzarrak.

Azkeneko markak Leitzan edo Asteasun egin ditu eta oraingoan ere ez du lekua aldatu. Aurreko saialdia bere herrian egin zuen, eta oraingoan Gipuzkoara itzuliko da. Zaleek ere ikusi nahi dute Inaxio, eta sarrera ona espero da. Perurenak ere zama hau kendu nahi du, eta 303ko langa hau gainditzeak konfiantza eta segurtasun handia emango dio Leitzako harri-jasotzaileari.

Etxauri Harria

Asteasukoa, ordea, ez da izango bihar harri jasotzean egingo den saio bakarra, Etxauri Harria txapelketa ere jokatuko baita Etxaurin bertan, 12.30ean hasita. Ugartemendia, Eizmendi, Urpe eta Jimenez izango dira lanean arituko diren lau kirolariak. Azken hau izango da berrikuntza, Avilako kirolaria lehen aldiz arituko baita Euskal Herriko plazetan ofizialki, eta begi asko egongo dira berari begira.

Harri-jasotzaile bakoitzak Etxauriko harri baldarra erabili beharko du, 136,5 kilo pisatzen dituena. Horrelako harri guztiek bezalaxe, honek ere zailtasun handiak izaten ditu, eta ongien moldatzen denak eramango du txapela. Faboritoa aipatzekotan, Jokin Eizmendi izango da hori. Harri hauekin ongi moldatzen da zarauztarra. Pasa den udan berak irabazi zuen Igeldo Harria txapelketa, eta harri handien Euskal Herriko txapelduna ere bada. Hasiera batean, bera da irabazteko faborito nagusia, eta besteak ikusi beharko da nola moldatzen diren, batez ere Jimenez. Urtero bezala, ikusle asko batuko ditu lehiaketa honek.