Jon LEUNDA
harri-jasotzea | Marka saiakera

Bigarrengoan ere Perurenak ezin izan du 303koa berdindu

Leitzarrak bi ahalegin egin zituen bost minutuko txanda bakar batean, baina bietan ez zuen berdindu, nahiz eta aurrenekoan helburutik gertu geratu zen.

Inaxio Perurenak ezin izan zuen atzo 303ko harri errektangularra gainditu, eta bigarrengoan ere huts egin zuen. Helburua lortzetik oso gertu egon zen, baina ez zuen lortu, eta hirugarrengo batean saiatu beharko du harri-jasotzaile leitzarrak.

Sarrera bikaina izan zuen Asteasuko pilotalekuak, harmailen hiru laurdenak bete baitziren. Lehen Leitzan lortu ez zuena lortu nahian agertu zen atzo Perurena II.a, baina berriro ere kale egin zuen.

200 kiloko zilindroarekin hasi zen berotze ariketak egiten, eta horri hiru jasoaldi eman zizkion. Bere asmoarekin aurrera jarraitu zuen, eta ondoren 250eko errektangularra jarri zuen aurrean. Hari jasoaldi bat eman, eta prest zegoen 303koari heltzeko. Harria aurrean jarri eta egin beharreko guztiak egin, eta abiatu zen harria jasotzera. Bost minutu zituen aurretik, baina honelako harriekin garbi izaten da aurrenekoan lortzen ez bada, bigarrengoan horrela izaten dela, eta atzokoan ere horixe gertatu zen.

Oso gertu

Epaileak txistua jo bezain azkar heldu zion harriari, eta ongi hasi zen. Gerrira ekarri, han buelta eman zion, eta hiru kolpe eman zizkion. Ordurako, ordea, oreka apur bat galdua zuen, eta harria behin bizkarrera eraman eta zuzentzen hasi zenean, bota egin behar izan zuen. Helburua lortzetik oso gertu geratu zen, baina jasoaldi hark ez zuen balio. Hori egiteko 23 segundo erabili zituen; beraz, bost minutuko txanda betetzeko oraindik asko geratzen zitzaion, eta atsedentxo bat hartu, eta aurrera egiteko asmoa agertu zuen.

Beti esan izan dute adituek aurrenekoan huts egindakoan bigarrengoa zailagoa izaten dela, eta horrelaxe izan zen atzokoan ere, Inaxiok berehala etsi behar izan baitzuen bigarren ahalegin honetan. Txanda amaitzeko minutu bat falta zela, laugarren minutuan, alegia, heldu zion bigarrengoz harriari, eta harria gerrira ongi ekarri zuen, baina buelta ematerakoan berehala ikusi zen ez zuela lortuko. Berak ere bai, eta harria eta ahalegina bertan behera utzi zituen leitzarrak.

Ahalegin handia izan zen, eta garbi ikusi zen helburua lor dezakeela. Asteasuko pilotalekura hurbildu ziren zaleek ere horixe ulertu zuten, eta txalo artean agurtu zuten leitzarra, plazan hartu zuten bezalaxe.

Garbi dago berriro ere saiatuko dela, baina berak esan zuenez, oso urduri jartzen da jendearen aurrean, eta horretan zerbait aldatu beharra omen dauka. Harri honekin entrenatzen ari zela ere min hartu zuen, eta handik ere oso ongi osatuta dagoela ere ikusi zen, eta alde horretatik, behintzat, berri pozgarria utzi zuen.

«Berotzen ari nintzenean konturatu naiz ez zela nire eguna»

«Berotzen ari nintzela konturatu naiz gaur ez zela nire eguna. 250ekoarekin oreka galdu dut, eta orduan ikusi dut zerbait bazela. Ustez aurrekoetan baino askoz ere lasaiago etorri naiz, baina garbi dago berriro ere nerbioek jan egin nautela», esan zuen Perurenak.

«Gerrian buelta eman eta aurreneko kolpea ematerakoan oreka apur bat galdu dut, eta gainerakoa ongi egin arren, berdintzerakoan konturatu naiz oso behean nengoela. Ez zuen ezer falta ona izateko, baina falta zuen, eta hor geratu da. Ondoren, ez nekien zer egin behar nuen. Bigarren saialdia egin dut, baina kontzentrazioa galduta nengoen», azaldu zuen.

J.L.