GARA
GASTEIZ

Foro Sozialak bizikidetzaren aldeko konpromisoak bildu ditu liburu batean

Azken urtean garatutako prozesuan, bizikidetzaren aldeko 35 ekarpen baino gehiago jaso ditu Foro Sozialak, eta hogei bat bilera egin ditu gizarte zibileko hainbat erakunderekin. Larunbatean emango dute amaitutzat, eta ekarpen horiek biltzen dituen “Prozesuaren liburua” aurkeztuko dute. Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko auditoriumean ekitaldi bat antolatu dute horretarako. «Bizikidetza eraikitzeak duen konplexutasuna eta planteatzen dituen erronkak ikusarazten eta esplizitatzen saiatu gara, askotariko gogoetak eta ekarpenak bilduz eta uste dugu bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua sendotzeko unea heldu dela», adierazi zuten atzo.

Liburuan, Foro Sozialak ondorioztatu dituen ikaskuntzak, gomendioak eta konpromisoak zein diren ere jasotzen da.

Larunbatean, Kolonbiako presidente izandako Ernesto Samperrek parte hartuko du. Bizikidetza eraikitzeak dakartzan erronkei buruz jardungo da eta Euskal Herrirako esperientzia interesgarriak azalduko ditu.