Upeltegiko giroa itzuliko da txotx denboraldi berrian sagardotegietara
Azken hiru urteetan bizitako gorabeheren ondoren, oraingoan murrizketarik gabe zabalduko dituzte ateak eta upeltegiko giroa berreskuratuko dute sagardotegiek. Aurtengo uzta txikiagoa bada ere, izaera handiko sagardoak espero dituzte ekoizleek.

Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagardogileek aurtengo txotx denboraldiaren aurkezpena egin zuten atzo goizean, Donostian. Guztiak itxaropentsu agertu ziren normaltasunera itzuliko den denboraldiarekin eta bezeroentzat prestatu dituzten berritasunak aurkeztu zituzten, Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarien babesa izan zuen ekitaldian.
Ekoizpenari dagokionez, joan den udazkeneko uzta aurreko urtekoa baino txikiagoa izan da. Espero zitekeen gauza zen, ez zelako sagar urtea tokatzen, baina udako eguraldi lehorrak are eta txikiagoa bihurtu du uzta.
Ondorioz, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagardotegiek guztira 9 milioi litro inguru sagardo egin dituzte, 2020an lortutako 12,2 milioiko errekorretik urrun. Horien barruan, bertako sagarrarekin egindako Jatorri Deiturako Euskal Sagardoaren produkzioa 1,2 milioi litrokoa izan da, orain dela bi urteko kopuru bera, baina kasu honetan ere 2020ko 4 milioietatik urrun.
Jatorri Deituraren lehendakari Oihana Gainzerainek azaldu zuenez, ekoizpen txikiago horrek eraginda, izaera handiagoko sagardoak izango dira aurten orokorrean; tanino altukoak eta alkohol graduazio handixeagoarekin. «Luzera, bilakaera oso ona izango duten sagardoak dira».
Olatz Mitxelena, Euskal Sagardoaren teknikaria, pozik agertu zen denboraldi berriarekin: «Txotxetik dastatu ahal izango dugu. Kupeltegiko giroa itzuliko da gure sagardotegietara, eta sagardoaz hitz egiteko aukera izango dugu, lehen egin ohi genuen moduan, zutik eta kupeltegian bertan».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
