Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Hari eta oihal

Hegoafrikan oihal txatalez tapakiak egiteko tradizioa ez dator kultura indigenetatik. Herbeheretar kolonoek XVII. mendean beraiekin eramandako arte mota bat da eta 1990eko hamarkadara arte haren ekoizpena oinarri kolonialeko hierarkia ekonomiko eta arrazialek baldintzatuta egon zen. Apartheida amaitu eta gutxira, ordea, dinamika hori aldatu egin zen. Gobernu demokratiko sortu berriak bultzaturiko garapen ekonomikorako ekimenen bidez, tapakigintza mota hori sozioekonomikoki egoera makalean zeuden zona eta taldeengana zabaldu zuten. Jarduera dibertsifikatzeak oihal txatalezko tapakietan irudikaturiko historien dibertsifikazioa ekarri zuen. Artista-aktibisten eta gobernuz kanpoko zenbait erakunderen eskutik, ekimenetako batzuek “memoria oihalen” ekoizpena bultzatu zuten, helburu terapeutikoekin. Alde horretatik, tapakigileek beren eta komunitatearen esperientziak (arrazakeria, xenofobia, polizia indarkeria zein zailtasun ekonomikoei loturiko esperientziak) dokumentatzeko aukera izan dute tapakien bidez.

Tapakigintza ohiturarik ez dago palestinarren artean. Mendeetan eta belaunaldiz belaunaldi tatree delakoaz -arabieraz “apaintzea” zein “brodatu” esan nahi duen brodatugintza koloretsu eta sinbolikoaz- baliatu dira beren kultura adierazteko zein lurraldearekiko lotura aldarrikatzeko.