GAUR8

Mugarik Gabeko Ingeniaritzak bideokonferentzia zerbitzu «segurua eta arduratsua» eskaintzen du

Mugarik Gabeko Ingeniaritza bolondresen antolakundeak bideokonferentzia bidezko zerbitzu berri bat iragarri du. Datuen erabilera egiten duten multinazionalen zerbitzuen aurrean, alternatiba «segurua, software librean oinarritua eta doakoa» dela nabarmendu dute.

Bilerak egiteko zerbitzu «arduratsu» berri bat iragarri dute. (Mugarik Gabeko Ingeniaritza))
Bilerak egiteko zerbitzu «arduratsu» berri bat iragarri dute. (Mugarik Gabeko Ingeniaritza))

Mugarik Gabeko Ingeniaritza diziplina anitzeko elkarteen federazioa da eta horietan parte hartzen duten lagunak boluntarioak dira. Internet bidezko komunikazioak ugaritu diren une honetan, alternatiba bat eskaintzea «beharrezkotzat» jo du antolakunde horrek «Zoom bezalako multinazionalek eskaintzen duten aplikazioen inguruan sortutako zalantzen aurrean».

Horregatik, bideokonferentzia bidezko zerbitzu bat jarri du enpresa, elkarte eta herritarren eskuetan, Zoom, Skype edo Hangouts erabilera orokorreko zerbitzu komertzialen parekoa dena, baina «segurua, software librean oinarritutakoa eta doakoa».

Zerbitzua Jitsi Meet softwarean oinarritzen da, «bideokonferentzia aplikazioen ekosistema batetik abiatuta, Apache2.0 lizentzia librepean».Tresnara sarbidea duen esteka https://meet.isf.es/ da eta edozein nabigatzailetik sar daiteke. Erabilera-eskuliburua ere eskuragarri dago behar duenarentzat.

Helburua, azaldu dutenez, bilerak, solasaldiak edota hitzaldiak egiteko zerbitzari «fidagarria eta segurua» eskaintzea da, datuak merkantzia modura erabiltzen dituzten enpresa handien eskaintzaren aurreko alternatiba bat plazaratuz.

«Antolakundeak teknologia eta komunikazio askeen aldeko apustua egin du, baita zerbitzuen deszentralizazioaren alde, subiranotasun teknologikoaren aldeko apustuarekin jarraituz», azaldu dute ohar batean.

Informazioa, 15 egun gehienez

«Zerbitzu honetan konfidantza izan dezakezu, Mugarik Gabeko Ingeniaritzan konfidantza duzun heinean, zerbitzua antolakundearen Grupo de Sistemas de Informacion-ek (GSI) eta bazkide teknologiko duen Freedom for Knowledge and Technology-k (F4KT)k kudeatua eta mantendua» baita, azaldutakoaren arabera.

Konpromisoa da erabiltzaileen ahalik eta gutxieneko informazioa gordetzea eta ahalik eta denbora laburrenean. «Zerbitzua mantentzeko konektatzen denaren IP helbidea da gordetzen den bakarra» eta «ez da inola ere hamabost egun baino gehiagotan biltegiratuko», adierazi dutenez.

Zehaztutakoaren arabera, informazioa GSIk eta F4KT-ek baino ez dute eskuragarri izango, eta pribatutasun politikan jasota dago.