GAUR8

Gorabidek adimen-urritasuna duten lagunen oporraldien programari eutsi dio

Prebentzio neurriak hartuta, adimen-urritasuna duten lagunen eta haien familiak biltzen dituen Gorabide elkarteak Udako Programaren barruan izaten ohi dituen oporraldien eskaintza mantendu du aurten. Astebeteko egonaldiak izango dira Plentzian, Urduñan, Balmasedan edo Lekeition, eta egun osoko hainbat irteera eskaintza zabalago bat emateko.

Gorabidek antolatzen duen udako programako parte hartzaileak, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Gorabidek antolatzen duen udako programako parte hartzaileak, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Ez da oporraldiak eskaintzen dituen lehen udara, esperientzia zabala baitu adimen-urritasuna duten pertsonak eta haien familiak biltzen dituen elkarteak oporraldi hauen antolaketan. Aurten, pandemiak eragindako egoera dela-eta eskaintza berrantolatu behar izan duela azaldu du, eta prebentzio neurri guztiak hartuta, eskaintza berri bat plazaratu du elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gorabidek nabarmentzen duenez, «jarduera hauek onura handia dakarte adimen desgaitasuna duten pertsonentzat zein beren familientzat». Horregatik, eskaintza mantendu eta aurten 230 leku eskaini ditu Bizkaiko sei herritan astebeteko egonaldiak egiteko eta herrialdeko leku ezberdinetan beste hainbat jarduera burutzeko.

Oporraldietan parte hartzen duten lagunen ondoan 140 boluntario arituko direla jakinarazi du elkarteak eta egungo egoeran «horien konpromisoa, elkartasuna eta inplikazioa» eskertu ditu.

Egonaldien programa uztailean jarri zuten martxan eta «arrakastarekin» itxi dela azaldu dute elkartetik. Orain, bigarren txanda bat abiaraziko dute hamabi talderentzat eta programan astebeteko sei egonaldi prestatu dituzte Plentzian, Urduñan, Balmasedan edota Lekeition. Beste talde batzuek egun osoko irteerak izango dituzte. «Era honetara, adimen-urritasuna duten erabiltzaileek jarduera anitzetan parte hartzeko aukera izango dute elkarteko boluntarioen laguntzarekin», azaldu du Gorabidek.

Txangoak, paddle surf, ginkana…

Astebeteko egonaldien kasuan, parte hartzaileek paddle surfa, piraguan egindako ibilbideak eta museoetara edota interes guneetara bisitak egiteko aukera izango dute. Egonaldi horietan, bizikletak, ginkanak, itsasontziko ibilbideak, tailerrak edota barbakoak egiten ohi dituzte elkarteko erabiltzaileek, zehaztu dutenez.

Eguneko irteerei dagokienez, Urdaibai aldean Basondo, Laida eta Kortezubi bisitatuko dituztela aurreratu dute. Era berean, Bilboko Alde Zaharra sakon ezagutzeko aukera izango dute antolatutako irteeretan, Artxanda, Zugaztieta edo Getxoko Kirol Porura bisitak ere aurreikusten ditu programak baita Santurtzin dagoen Itsas Museora eta Agurtza arrantza-ontzira eta Bilbon Itsas Museora eta Itsasadarratik itsasontziz egindako ibilbidean parte hartzea.