GAUR8

Atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa

EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko goi mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa eskainiko du. Urriaren 2an hasiko da eta azaroaren 29ra arte iraungo du.

Euskararen aldeko ekimen bat EHUn, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ/FOKU)
Euskararen aldeko ekimen bat EHUn, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ/FOKU)

Etxepare Euskal Institututak azaldu duenez, ikastaroaren matrikularen kostua 350 eurokoa izango da eta gastu akademikoak eta material didaktikoa hartuko ditu barne. Irakas orduen kopurua guztira 56koa da, eta ikastaroa ostiraletan 16.00etatik 20:00etara eta larunbatetan 9.00etatik 13.20ra izango da, eguneko 20 minutuko atsedenarekin.

Parte hartzaileen gehieneko kopurua 40koa izango da, eta gutxienekoa, berriz, 24koa. Ikastaroa EHUren Gasteizko Campuseko Elurreta eraikinean egingo da.

Zehaztu dutenez, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk formato telematikoan. Hala ere, egoerak hala behartuta, litekeena da osorik modu telematikoan eman behar izatea. Hala bada, ikasleei garaiz jakinaraziko zaiela adierazi dute antolatzaileek.

Hasieratik, euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan dute helburutzat bai EHUk, bai Etxepare Euskal Institutuak.

Irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu dute prestakuntza, eta atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuei zuzendutakoa da ikastaro hau.

Bi erakundeek sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker, prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango dute. Prestakuntza ikastaroaren edukiaz, hainbat arlo jorratuko dituztela azaldu dute, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.