GAUR8

Gasteiztik Donejakuera korrika, 625,7 km erretinosi pigmentarioa ezagutzera emateko

David Mediavilla erretinosi pigmentarioa daukan gasteiztarrak Arabako hiriburua eta Donejakue artean dauden 625,7 kilometroak korrika egingo ditu 14 etapatan. Erronka abuztuaren 20an hasiko da eta helburua da gaixotasuna ezagutzera ematea. Lehenengo etapa: Gasteiz-Argantzun-Haro, 48,9 kilometro.

David Mediavilla gasteiztarraren erronka: Donejakueraino korrika. (Begisare)
David Mediavilla gasteiztarraren erronka: Donejakueraino korrika. (Begisare)

EAEko hiru lurraldeetan erretinosia daukaten lagunak biltzen dituen Begisare elkarteak eman du David Mediavillaren erronkaren berri. Gaixoen bizi kalitatea hobetu eta ikerketa bultzatzea helburu dituen elkarteak azaldu du gasteiztarrari 12 urtekin diagnostukatu ziotela erretinosi pigmentarioa eta geroztik ikusmen-eremuaren zati handi bat galdu duela pixkanaka, harik eta lanerako ezintasuna eskatu behar izan zuen arte, lanbidea ezin zeulako modu seguruan garatu.

Lana utzi behar izatearen trantzea gaindituta, mugak onartzea eta errealitate berriari aurre egitea ez zen erraza izan. Korrika egiten hasteak depresioa eta dolua atzean uzten lagundu ziola gogoratu du elkarteak. Mediavillak berak kontatu duenez, «asfaltoan korrika egiten hasi nintzen, baina laster lurrean egitera aldatu nuen eta ia konturatu gabe nire burua mendi lasterketetan parte hartzen ikusi nuen».

Maraton bat eguneko

Covid-19aren pandemia dela-eta aurten ez da lasterketarik izan. Horregatik, David Mediavillak duen pasioa erronka honi dedikatu nahi izan dio, Donejakue bidea 14 etapatan osatu «egunero maratoi baten antzeko distantzia» eginez, azaldu duenez.

«Helburua helmugara iristea da, baina batez ere gizarteak erretinosi pigmentarioa existitzen dela eta ikusmen-urritasuna dugun guztiok erronkak markatu era lor ditzakegula jakitea», adierazi du Mediavillak ekimenaren inguruan.

Erronka hilaren 20an hasiko da. «Erretinosi pigmentarioa» dioen elastikoa jantziko du ibilbidean zehar, eta 14 etapa korrika eta atsedenerako bi egun aurreikusi ditu, irailaren 4an Done Jakuera heltzeko. Bidean, autoz joango diren emaztea eta semearen laguntza logistikoa izango duela zehaztu dute elkartean.

Begisare elkartearen webgunean erronkaren inguruko informazio guztia dago, baita etapa bakoitzeko aurreikusitako ibilbidea ere. Lehendabiziko etapa Gasteiz-Argantzun-Haro izango da eta 48,9 kilometro ditu. Gainontzekoetan antzeko distantziak izango dituzte. Luzeena Astorga-Foncebadon-Ponferrada da, 52,6 kilometrokoa.