GAUR8

Arrano arrantzalearen proiektuari buruzko ikastetxe-bisitaldiak Urdaibai Bird Center-en

Urdaibai Bird Centerrek eskola-bisiten programari eutsi dio, baita urrian eskainiko dituen arrano arrantzaleari buruzko doako bisiten programa bereziari ere.

Arrrano arrantzalearen gaineko bisita (Urdaibai Bird Center)
Arrrano arrantzalearen gaineko bisita (Urdaibai Bird Center)

Urdaibai Bird Centerrek 2020-2021 ikasturterako eskola-bisiten programari eutsiko dio, kutsatzeak saihesteko babes-neurriak zorroztuz. Hala, ikasturte honetan talde txikiak lehenetsiko dira, inola ere txanda bakoitzeko 25-30 ikasle gainditu gabe eta horiek, aldi berean, bi taldetan banatuta.

Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, gehienez 20 eta 25 ikasle bitatean izatea gomendatzen da taldeko, begirale bakoitzeko 10-12 ikasleko ratioa ziurtatzeko. Beti ere burbuila-taldeak mantenduz, segurtasun  distantziak gordeko dira. Ikasleek eta irakasleek maskara nahitaez erabili beharko dute bisitetan, eta eskuetan hidrogela aplikatu beharko dute zentroko hainbat lekutan.

Era berean, urrian zehar zabalik jarraituko du Euskadiko arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren ezagutzan parte hartu nahi duten euskal eskola-taldeentzako doako bisiten programak; izan ere, 2020. urte honetan berrikuntza interesgarriak daude 2013tik askatutako arranoen bilakaerari dagokionez.

«Gaur egun, 2013an askatutako aleetako batek (N4 eraztuna) hiru urte daramatza Etang de Leonen, Estatu franseseko Landetan, eme korsikar batekin ugaltzen. 2015eko beste ale bat (34. eraztuna) aurten San Vicente de la Barqueran (Kantabria) bikotekidea lortu du eta datorren urtean gauzatuko den ugalkekadren zain gaude», azaldu dute.

Lehenengo ugalketa bi mendean

Roy arranoak, 2013an N3 eraztunarekin askatu zutenak dagoeneko sei aldiz itzuli da Afrikatik Euskal Herrira. Aurtengoan Orx Landetako hezegune bateko arrano eme batekin parekatu da. Azaldu dutenez, eme hori Orx-en abian den arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektu batean hazitakoa da. Datorren urtean ugaltzeko aukera izango dute. Hala izango balitz, Euskal Herrian bi mendean izandako lehenengo ugalketa kasua litzateke.

2014an PF eraztunarekin eta 2016an U05 eraztunarekin askatutakoek ere bizirik jarraitzen dute proiektuan. Biak Landetan finkatu dira eta hainbat emerekin gorteatze jolasak egiten ikusi izan dira.

Bestalde, P1 eraztuna duen arranoa 2013an askatu zuten eta Somoko itsasadarrean, Santanderko badian, ugalketa saiakeretan ari da. Huts egindako errunaldi baten ondoren, eremu horretara itzultzen jarraitzen du duela gutxienez hiru urtetik.

Urrian zehar Euskal Herriko ikastetxe guztiei eskainiak dira doako bisita hauek, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta DBHko 4. mailara bitarteko ikasleentzat. Haietan parte hartzeko, ikastetxeek Urdaibaiko zentroko telefono hauetara deitu beharko dute aldez aurretik bisita erreserbatzeko: 946 251 157 / 699 839 202

Ingurumen hezkuntzako proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatua da.