Martin Mantxo

Mundu osoan polizien bidegabekeriak ugaldu egin dira, pandemiak lagunduta

AEBetan, Txilen, Ekuadorren, Kolonbian zein Estatu espainolean zabaldu egin da Poliziaren bidez legea ezartzeko ustezko beharra, eta protesta eskubideak murriztu dira. George Floyden hilketa dela-eta hasi zen jende asko egoera hori salatzen, baina mundu mailako gaitzespenak harrotu egin ditu erasotzaileak.

Emakume bat atxilotua, Bogotan (Leonardo MUÑOZ-AFP)
Emakume bat atxilotua, Bogotan (Leonardo MUÑOZ-AFP)

Iragan hilabetean, Txileko polizia batek hamasei urteko gazte bat zubi batetik bota zuen, protesta egiten ari zela. Zubitik sakonera txikiko ubide batera erori zen, eta ahoz gora mugitu gabe geratu zen. Ospitalera eraman zuten, eta, zorionez, biharamunean hobera egin zuen.

Gertaera hori duela 30 urte amaitutako Pinocheten garaiko konstituzioa ordezteko aukera bozkatu baino hilabete lehenago izan zen. Konstituzio horren indarraldia dela-eta, Txileko herriak aurrekaririk gabeko basakeria jasan zuen iaz, baina, batez ere, nabarmendu dena neurri gabeko indarkeria erabili zutenen erabateko immunitatea da. 2019ko urritik, 8.575 lege hauste egin dituzte Txileko karabineroek, hala nola torturak, indarkeriaren erabilera neurrigabeak eta bidegabekeria sistematikoak.

Ondorioz, Poliziaren errepresioa nazioartean gaitzetsi da. Hala ere, hamasei polizia bakarrik kargugabetu dituzte. Ezbairik gabe, neurrigabeko errepresio horren emaitza lazgarri bat izan da hainbat manifestariri eragindako ikusmen galera, haien aurka perdigoiak erabilita. Biktima partzialak edo erabatekoak 352 baino gehiago dira. Pandemia horrek Estatuan du jatorria.

Sistemikoa eta globala

Ekuadorreko Poliziak ere Lenin Morenoren gobernuaren aurka protesta egiten ari ziren hiru manifestari indigena zubi batetik bota zituen eta urtebete igaro eta gero atera zen kasua argitara. Bat hil egin zen.

Horrek erakusten digu gertakari horiek sistemikoak eta globalak direla. Eta orain pandemiarekin gogortzen ari dira, mundu guztian zabaldu egin baita Poliziaren bidez legea ezartzeko ustezko beharra. Hori dela eta, hazi egin da Poliziaren presentzia kaleetan.

Lehenengo egunetik salatu ziren errespeturik gabeko jarrerak, horietako asko onartezinak, agintekeriaz beteak.
Jarrera hori ez ezik, espetxeratzeak eta beste hainbat errepresio neurri ere gehitu zitzaizkien xedatzen ziren arauei. Kontuan izan behar da egoera soziala gero eta zailagoa dela eta familia eta pertsona askorentzat baldintzatzaile berriek eragin handia dutela bizi baldintzetan, baina protesta eskubideak ere murriztu egin dira.

Egoera horiek guztiak areagotu egiten dira Hegoalde Globaleko komunitateetan, eta batez ere baliabide ekonomiko gutxiko auzo eta taldeetan.

Zalantzarik gabe, mundu mailan protestak abiarazi zituen gertakaria izan zen AEBetako Minneapolis hirian gertatutako George Floyden hilketa, maiatzaren 25ean.

Protestak biktimaren jatorri eta arrazari buruzkoak izan baziren ere, Black Lives Matter mugimenduaren arabera, agente baten doako indarkeriaren ondorioz hiltzea izan zen munduan zehar sortu ziren protesten oinarria.

Esan bezala, protesta horien jomugan zegoen sistemaren eta instituzioen arrazakeria, kolonialismoaren oinarri izan zen arrazakeria, baina bai eta Poliziaren eta Estatuaren indarkeria ere, besteak beste, gizarteko desberdintasun horiek inposatzeko.



Erreplika, hilabete geroago
Izan ere, zubi batetik jaurtitako gaztearen eta Ekuadorreko erreplikaren kasuan bezala, George Floyden kasuarekin ere hilabete geroago gertatu zen erreplika Sao Paulon (Brasil), gero Bogotan eta Madrilgo Vallecas auzoan, azken kasu horretan hildakorik izan gabe.

Munduari bira eman zioten irudiek agerian utzi zuten bidegabekeria, gaitzespen sozialari bide eman zioten, eta, horrek, krisi politiko eta sozialak ekarri zituen, hala nola AEBetan gertatutakoak. Nolanahi ere, indar armatuen asmoak baretu beharrean, badirudi harrotu egin zituela.

Gabriel Nunes de Sousa hemeretzi urteko gazte beltza hil zuen Poliziak Brasilen, itota, eta Javier Ordoñez abokatua Kolonbian. Heriotzaren azken kausa komisarian jasotako jipoia izan bazen ere, Ordoñez atxilotu zutenean polizia batek hanka jarri zion lepoan. Era berean, taser pistolekin torturatu zuten. George Floyden kasuan bezala, Ordoñezi egindako erasoa norbaitek grabatu zuen eta biral bihurtuta hedatu zen. Polizientzat funtsezkoa da miaketak egitea euren basakeria eta erasotzaileak ezkutatzeko. Brasilen, esaterako, Poliziaren ekintzak filmatzea eta argazkiak ateratzea ez dago debekatuta, baina Polizia eragozten saiatzen da.

Kolonbiako errepresio maila, han egunero gertatzen diren hilketa politikoak eta beste indarkeria mota batzuk kontuan hartuta, alderdi horrek garrantzi handia du. Irudiak zabaltzean jendea indarkeria horren aurka justizia eske kalera irtetea ez zaio gustatzen botereari. Poliziaren erreakzioa, jakina, ikaragarria izan zen, 11 hildako eragin zituen.

Brasilgo Poliziaren indarkeria

Brasilen ere Poliziak eragindako heriotzak oso errotuta daude –2008 eta 2013 artean, 11.000 hildako baino gehiago–. Indarkeria hori oso lotua dago egoera sozialarekin, bazterketarekin eta pobreziarekin, eta, azken hori, era berean, jatorri sozial eta etnikoarekin.

Egoera horri gehitu behar zaizkio pandemiak eta konfinamenduaren ondorioz polizia indarretan hedatu den zigorgabetasuna eta indarkeriaz jokatzeko erraztasuna, Bolsonaroren agintaldiko lehen hiru hilabeteetan, bost hildako zenbatu zituzten eguneko. Rio de Janeiron bakarrik poliziak 434 pertsona hil zituen denbora horretan.

Bolsonarok uko egin zion Poliziaren indarkeriaren datuak argitaratzeari, baina Ministerio Publiko Federalak behartu egin zuen argitaratzera. Azkenean, 2019an 1.486 salaketa izan zirela jakinarazi zen.

Brasilen arrazakeriaren aurkako nazioarteko protestekin bat egin zenean ekainean, beltzen aurkako indarkeria areagotu egin zen aldirietan. Urte hasieratik poliziek eragindako 58 indarkeria eta tortura kasu azaleratu dira. Biktimen %68 beltzak eta auzo periferikoetakoak dira. Hala ere, Bolsonaroren semeak adierazi duenez, «ez dago Floyd bezalako kasurik hemen».

Baina, zoritxarrez, ez zen kasu bakarra izan. Vallecasen (Madril) izandako kontzentrazio batean, polizietako batek George Floyden heriotza eragin zuen formula bera erabili zuen. Baina ez zen modalitate bakarra izan: buruetan kolpeak atzetik borraz, kaskoa eta belaunak erabilita kolpeak manifestari babesgabeen aurpegietan, ostikoak lurrean… Lau atxilotu izan ziren.

Sare Gorriak bere komunikatuan planteatzen duenez, «Pandemiaren eta datorren hondamendi sozialaren gorakadari aurre egiteko Estatuko Gobernuak duen asmoaren erakusle ona da». Mozal Legea edozein protesta oztopatzeko erabiliko da, eta covid-19aren krisiarekin, protesta horiek biderkatu egingo dira, beraz, oso baliagarria izango zaie. Antzeko egoera gertatzen da Australian, non 1991tik poliziaren atxiloketetan 434 aborigen hil diren, kolonizaziotik jasan duten eta oraindik irauten duen genozidioaren erakusgarri.  

Hegoafrikan ere arrazakeria sistemikoa da, 1994an apartheid-a amaitu eta urte batzuk geroago, latente jarraitzen du. Baina orain kontraesana dago: Polizia beltzez osatuta dago gehienbat, eta herritar gehienak beltzak dira. 2012tik 2019ra 80 salaketa aurkeztu ziren polizia indarkeriarekin lotuta, eta horietatik hamar heriotzak izan ziren. Egunero pertsona bat hiltzen da Hegoafrikako poliziaren eskuetan. Arrazakeria nabaria da poliziaren jardunean, indarkerian.

George Floyd eta beste hainbat

Floyden heriotza kasu isolatu bat izan zela pentsatzen badugu, oker gaude. Izan ere, 2020an 826 pertsona hil ziren AEBetako poliziaren eskuetan. Afrikarren ondorengoak herrialdeko biztanleriaren %13,4 dira, baina poliziak eraildako pertsonen %20. Berriz ere halako genozidioaren aurrean poliziak duen immunitatea iraingarria da herritarrentzat.

Izan ere, 2013-2020 aldian Poliziak egindako hilketen %98,3tan ez zen zigorrik izan hiltzailearentzat. Poliziak herritarren edo biztanleriaren sektore batzuen aurka erabiltzen duen indarkeria neurrigabea ez ezik, estamentu judizialaren indarkeria ere handia da, hura babestu eta legitimatu egiten baitu. Txilen bezala. Edo Brasilen Gobernuak eta hura babesten duen sektore politikoak. Ildo horretan, tribunalak absolbitu egin zituen martxoaren 13an Louisvillen (AEB) Breonna Taylor mediku beltzaren hilketan parte hartzeagatik auzipetutako ofizialak.

Bidegabekeria horiei, orain, azken hilabeteetan eman den manifestarien aurkako jazarpena gehitu behar zaie. Ekintzaile askok –gehienak afrikarren ondorengoak– akusazio kriminal barregarriei egin behar diete aurre, hala nola «matxinada bat bultzatzea» edo «terrorismo saiakera», jabetzari kalterik eragin ez dioten gauzengatik, hainbat hiritan antolatze eta protesta egite hutsagatik.

Testuinguru horretan, eta Floyden hilketak eragin zituen protesta eta istiluen harira, gogoratzekoa da Minneapoliseko Udalak berak polizia desegitea proposatu zuela. Gertaeren beroan, polizia etxeko sugarren ondorioz hartutako erabakia izan daiteke, baina ez da burugabea, kontuan hartzen baditugu herritarrak babesteko soldata ordaintzen zaien polizia batzuek eragiten dituzten heriotzen kopuru tragikoak, bai eta horren ondorio ekonomikoak ere.