GAUR8

«Akurio eta Elkano: 500 urte geroago» hitzaldi zikloa Bermeoko Arrantzaleen Museoan

Juan Sebastian Elkanoren eta haren kontramaisu Joan Akurio bermeotarraren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Bermeoko Arrantzaleen Museoak, ostegun honetan hasita. Hurrengo hitzorduak otsailaren 18an eta martxoaren 18an izango dira. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena.

«Han datoz» Enrike Zubiare eskultura, Bermeoko museotik gertu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
«Han datoz» Enrike Zubiare eskultura, Bermeoko museotik gertu. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bermeoko Arrantzaleen Museoan “Akurio eta Elkano: 500 urte geroago” izenburuko hitzaldi zikloa antolatu dute “Akurio eta Elkano 1519-1522. Bizkaitarrak lehen mundu biran” erakusketaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Antolatzaileek azaldu dute 1519. eta 1522. urteen artean, Fernando de Magallanesen eta Juan Sebastian Elkanoren espedizioa itsaso ezezagunetan sartu zela mendebalderantz nabigazio bide baten bila, Moluka uharteetara.

Bidaia epiko horretan, Magallanesek gaur egun bere izena duen itsasartea aurkitu zuen, eta hil ondoren, Juan Sebastian Elkanok hartu zuen espedizioaren agintea.

Joan Akurio bermeotarra zen haren kontramaisua, eta penintsulara itzultzea lortu zuten ontzi bakar batekin eta gizon sorta batekin, baina munduari lehen bira ematea ere lortuta.

Lehen emanaldia, ostegun honetan

Ziklo honen baitan Xabier Armendariz esploratzaile, nabigatzaile, itsas dokumentalista eta historialariak hiru hitzaldi eskainiko ditu. Lehenengoa ostegun honetan izango da, hilaren 21ean, “Munduko Birako bizkaitarrak” izenburupean.

Ondoren, otsailaren 18an, “Nabigazio astronomikoa” hitzaldia eskainiko du, eta martxoaren 18an, “Mairin Mitchell. Akurioren kronista” izenburukoa.

Hitzaldi guztiak 18:30ean izango dira, Arrantzaleen Museoan bertan, eta aldez aurretik erreserba egin behar da bertaratzeko, 94 688 11 71 telefonora deituz edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera mezu bat bidaliz. Hitzaldiak grabatu egingo dira Youtubeko Bizkaiko kanalean eskaintzeko.