Nerea Goti
Entrevue

«Testu-mezuek indartzen dute osasun zentroak erretzeari uzteko ematen duen motibazio-aholkua»

Erretzeari uzten laguntzen duten telefono aplikazioen erabilerarekin lotuta, Raquel Cobos Campos ikerlariak testu-mezuen erabilgarritasuna aztertu du doktorego tesian. Elkarrizketan dioenez, frogatu da «testu-mezuak motibazio-aholkuari atxikitzeko tresna gisa bidaltzea aukera eraginkorragoa dela erretzeari uzteko».

Raquel Cobos Campos. (Paulino Oribe)
Raquel Cobos Campos. (Paulino Oribe)

Aplikazio mugikorrek izan duten gorakada handiaren ondorioz, tresna berri ugari sortu dira zenbait patologiatan laguntzeko. Testuinguru hori oinarri hartuta defendatu du Raquel Cobos Camposek bere doktorego tesia, “Evaluación clínica y análisis coste-efectividad del envío de mensajes motivacionales como herramienta adyuvante para dejar de fumar”, EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Sailean (Farmazia eta Farmazia Teknologiako arloa), Gorka Orive doktoreak zuzenduta.


Doktore-tesian motibazio-mezuen bidalketak aztertzen dituzu erretzeari uzteko tresna lagungarri gisa. Zer mezu mota dira eta nola funtzionatzen dute?

Mezu horiek indartu egiten dute osasun-zentroan tabakoaz arduratzen den profesionalak kontsultan ematen duen motibazio-aholkua. Erretzaile baten inguruko alderdi guztiak biltzen saiatzen diren mezuak dira tabakismoaren epidemiologia, alderdi fisiologikoak, ekonomikoak, sozialak, higienikoak, seme-alabak...–.

320 pazienterekin egindako ikerketa batean oinarrituta, mezu horien eraginkortasuna ikusi da. Zer komentatzen dute pazienteek horri buruz, badakigu nola laguntzen duten?

Programak aktiboki bidaltzen dituen mezuez gain, pazienteek une jakin batzuetan (erorketa puntual batean edo antsietatea sentitzen duten une batean) laguntza gehigarri bat eska dezakete egoera zehatz horiekin lotutako mezuak bidalita.

Zertan datza «Bizi tabakorik gabe» aplikazioa?

Telefono mugikorretarako aplikazio bat da. Bere garaian ebaluatutako testu-mezuen funtsa mantentzeaz gain, beste funtzionalitate batzuk ere baditu: pazienteak erretzeari utzi dionetik erre gabe zenbat egun daramatzan ikus dezake, bai eta erorketa bat izan duen egunak ere, halakorik izan badu, estatistika-panel bati eta egutegi bati esker. Gainera, aurreztutako dirua eta irabazitako bizi-egunak ikus daitezke, formula matematikoen bidez kalkulatzen direnak.

Tabakismoarekin lotutako beste gai bat ekonomikoa da, bai osasun-sistemarako bai onuradunarentzako kostuei dagokienez. Zer datu daude horri buruz?

Argitaratzeke dagoen eta doktorego-tesi honen parte den artikulu zientifiko batean egiaztatu ahal izan dugu erretzeari uzteko programa hau errentagarria dela ikuspuntu ekonomikotik, baita sistemarentzat aurrezten laguntzen duelako ere, finantzatzailearen ikuspegia kontuan hartzen badugu.

Zer informazio ematen du eta zer erabilgarritasun du sendaketa-prozesuetan erabiltzaileen profila identifikatzeak? Pertsonen ezaugarriak kontuan hartu behar dira formula bat edo bestea aukeratzerakoan?

Erabiltzaileen profila identifikatzea ezinbestekoa da, nire ustez, tratamenduak eta esku-hartzeak arrakastarako probabilitate handiena duten pertsonei zuzentzeko aukera emango bailuke.