GAUR8

«Nahi dugun lurraldea» jardunaldiak, Nafarroako Erdialdeko paisaia aztergai

Nafarroako Gobernuak «Nahi dugun lurraldea» jardunaldiak antolatu ditu herrialdeko erdialdeko paisajearen inguruko hausnarketa zabaltzeko. Asteazkenetik aurrera ospatuko diren lau saioetan zonalde ezberdinetako errealitatera hurbilduko dira.

Iruñeko paisajea elurtuta, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iruñeko paisajea elurtuta, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarrroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak “Nahi dugun lurraldea” izenburuko jardunaldiak antolatu ditu Nafarroako Erdialdeko paisaiaren inguruan eztabaidatzeko.

Asteazken honetan hasita eta 21era arte ospatuko diren saio ezberdinetan herritarrek gertu duten inguruneari buruz duten iritzia jaso nahi da, baita marraztuko luketen etorkizuna ere.

Jardunaldi telematikoak izango dira eta parte hartzea zabalik dago lurraldean ordezkaritza duten eragile guztientzat eta norbanakoentzat, argitu dutenez.

Antolatzaileek aurreratu dute saio horietan Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisajeko Zerbitzuko teknikariek eta Nasuvinsa elkarte publikokoek Paiasajea izeneko txostena aurkeztuko dutela herritarren kontrastea jasotzeko.

Deialdiarekin etorkizunera begira nahi den lurraldearen inguruko hausnarketa bultzatu nahi dela azpimarratu dute. Era horretara, paisaiaren kalitatearen inguruko helburuak zehaztuko dituzte eta horiek betetzeko behar diren neurriak eta ekintzak ere.

Lehenengo hitzordua asteazken honetan finkatu dute, eta Etxauribar, Izarbeibar eta Iruñerriko ekialdeko herritarrei zuzenduta dago. Hilaren 20an, jardunaldiak Iruñeko metropoli-eremuko biztanleei bereziki zuzenduta egongo dira, eta 21ean iparraldeko eta erdialdeko haranetan zentratuta.

Hilaren 15eko jardunaldia eremu osoko biztanleei irekita egongo da. Ordutegiari dagokionez, zehaztu dute 14, 20 eta 21eko jardunaldiak 18.00etatik 20.00etara ospatuko direla, eta 15ekoak 11.00etatik 13.00etara.