GAUR8

Atzerrian ingeles, frantses eta aleman ikastaroak egiteko 548 leku eskainiko ditu Lakuak

Hurrengo udan ingeles, frantses eta alemana atzerrian ikasteko egonaldietako deialdia zabaldu berri du Lakuak. Orotara 548 leku izango dira Irlandan, Estatu frantsesean, Alemanian eta Erresuma Batuan banatuta. Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epea dago eskaera egiteko.

Ikasle talde bat ikasgelan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ikasle talde bat ikasgelan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Alemanian, Estatu frantsesean, Irlandan eta Erresuma Batuan 2022ko udan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako deialdia egiten duen agindua onartu du asteazken honetan Lakuako Gobernuak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez.

Orotara 548 leku eskainiko dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleentzat. Deialdiak 847.038 euroko aurrekontua du.

Aginduan zehaztu dutenez, hizkuntza ikastaroak egiteko leku bat eskuratu nahi duten ikasleek baldintza batzuk bete behar dituzte: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) aurreko ikasturtean gutxienez 7 puntuko nota eskuratu izana; aurreko ikasturteko batez besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana; ikasleak eskatzen duen lekuari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan edota ikasleak 2022an gehienez ere 19 urte betetzea.

Hezkuntza maila eta egoera ekonomikoa

Lekuen banaketa egiterakoan, kontuan izaten dira eskaera egin duen ikaslearen hezkuntza maila eta bere familiaren egoera ekonomikoa ere. Ingelesa ikasteko 280 leku eskainiko dira Erresuma Batuan, eta beste 198 Irlandan; frantsesa ikasteko 50 leku izango dira Estatu frantsesean, eta alemana ikasteko 20, Alemanian.

Plazaratutako informazioaren arabera, plazen banaketarako aurreko ikasturtean beka jaso zuten ikasleak hartzen dira kontuan.

Joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik egonaldia burutuko den herrialdeko hiriraino, bidaia asegurua, matrikula eta ikasketa materiala, ostatua, jatorduak eta ikastaroa burutuko den ikastetxerako hiri garraioaren gastuak barne hartuko ditu leku bakoitzak.

Eskaerak egiteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.