GAUR8

Loa, dieta, ariketa eta jarrera positiboa, menopausiari aurre egiteko aholku nagusiak

Ondo lo egitea eta lo-eredu egokiak mantentzea uste baino garrantzitsuagoa da menopausian, baita dieta zaintzea eta ariketa egitea, adituek diotenez. Gomendio horiekin batera beste batzuk nabarmentzen dituzte UOCeko ikertzaileek, jarrera positiboa izatea, autoestimua indartzea eta aktibo mantentzea.  

Lagun batzuk bidegorri batetik paseatzen, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)
Lagun batzuk bidegorri batetik paseatzen, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)

Bizitzaren etapa bat da, baina menstruazio-aldien etenaldiak eta emakumeen hormonen murrizketa dakartzan aro horrek sintomak eragiten ditu askotan, fisikoak eta psikikoak. Horien aurrean, Unibersitat Oberta de Catalunyako (UOC) adituek zenbait gomendio plazaratu dituzte, bizitza kalitateari eutsi eta etapa berri hori  «aukera berri gisa» hartzeko.

Olga Rossell dietista-nutrizionista eta Unibersitat Oberta de Catalunyako (UOC) irakasleak emakumeek bizi dituzten aldaketa horiek deskribatu ditu: «alderdi psikologikoari dagokionez, ohikoenak gogo-aldarte baxua eta depresioa dira; antsietatea, suminkortasuna, libidoa galtzea, autoestimu baxua, labilitate emozionala, urduritasuna eta estresa. Sintoma kognitiboak ere ager daitezke, hala nola ahanzturak, nahasmendua, kontzentrazio-galera eta memoriaren alterazioa».

Adituek zehazten dutenez, sintomak ez dira emakume guztien kasuan intentsitate berekoak izaten. Menopausiaren pertzepzioa ezberdina izan daiteke emakume batetik bestera, Laura Pajares psikologo eta irakasleak nabarmentzen duenez. «Askok lasaitasunez eta baikortasunez hartzen dute etapa berri hau. Beste batzuek, ordea, aldaketa handiak jasaten dituzte, eta horrek kalte egiten die egunerokotasunean. Nolanahi ere, funtsezkoa da etapa horri behar bezalako arreta eskaintzea, bizi-kalitate egokia lortzeko eta horrekin lotutako beste nahasmendu batzuk ager ez daitezen», azaldu du.

Bizi-estiloa zaintzea

Sintomak arintzeko, bizi-estiloarekin lotuta dauden eta «eraginkorrak» diren zenbait jarraibide eman dituzte. Lehena loarekin lotuta dago, insomnioa baita menopausian gehien agertzen den kexetako bat. Ordutegien errutina bat ezartzeak laguntzen du, Pajaresen esanetan, baita logura dagoenean oheratzea, jaikitzea loak hartzen ez badu eta ohea beste jarduera batzuetarako ez erabiltzea (telebista ikustea, lan egitea, jatea, irakurtzea…).

Menopausiak dakarren pisua irabazteko erraztasun handiago bati aurre egin eta arrisku kardiobaskularra eta hiperkolesterolemia edo hipertentsioa arriskuak murrizteko, adituek funtsezko ikusten dute dieta doitzea. Landare-jatorriko elikagaiak, zereal integralak, lekaleetatik etorritako karbohidratoak, jatorri begetaleko proteinak eta arrain urdinaren kontsumoa dieta berri horren elikagai protagonistak izan behar dira.

Ariketen errutinan ere, aerobikoen ondoan indar muskularretako ariketak egitea da gomendioa, eta arreta berezia jartzen dute autoestimua eta autokontzeptuaren lanketan. «Itxaropenak maneiatu behar dira, aldaketa berriak onartu, eta fisikoki eta emozionalki lan egin behar da, bertsiorik onena lortzeko. Eta, azkenik, prozesu osoan lagunduko diguten profesionalak bilatzea: psikologoa, nutrizionista, prestatzaile fisikoa, endokrinoa…», gomendatzen du UOCeko psikologoak.

Estresa maneiatzea

Estresa maneiatzeko erlaxazio tekniken garrantzia nabarmentzen dute adituek, eta erlaxazio aplikatua, arnasketa teknikak, meditazioa edota yoga teknika eraginkorrak izan daitezkeela zehazten ute.

UOCeko aditu biak bat datoz, era berean, aktibo mantentzeak duen garrantziarekin. Azpimarratzen dutenez, garrantzitsua da motibatzeko eta ondo sentitzeko jarduerak edo zaletasunak bilatzea, «trebetasun pertsonalak lantzeko, gizarte-harremanak sustatzeko eta mantentzeko, ondo pasatzeko», eta «azken finean, eguneroko bizitzan input positiboak sortzeko».