GAUR8

EuskarAbentura ekimenean parte hartzen ari diren 128 gazteak azken txanpan sartu dira

16 eta 17 urteko neska-mutilek Donejakue Bidearen hiru aldaeretan barrena ia Euskal Herri osoa zeharkatuko dute: uztailaren 1ean abiatu ziren Mauletik eta igandean amaituko dute Getxon.

Gazteak, duela egun batzuk Aulestin.
Gazteak, duela egun batzuk Aulestin. (EUSKARABENTURA)

EuskarAbentura ekimenaren 2022ko edizioan parte hartzen ari diren 16 eta 17 urteko 128 gazteak iritsi dira azken txanpara. Ostegun honetan Urdaibain dagoen BBK Klima Abentura esperientzia parkean izan dira, eta uztailaren 1etik Euskal Herria zeharkatzera eraman dituen espedizioa igandean amaituko da Getxon.

EuskarAbenturako neska-mutilek Donejakue Bidearen hiru aldaeretan barrena ia Euskal Herri osoa zeharkatuko dute: Mauletik Lizarrara, Gesaltzatik Iruñera (kontrako norabidean) eta Baionatik Getxora. Hain zuzen, kostaldeko bideak eraman ditu Urdaibaiko Biosferaren bihotzera. Guztira, 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte 31 etapatan.

EuskarAbenturako parte hartzaileek bertatik bertara gozatu dute BBK Klima Abenturan bizimodu jasangarriak sustatzea helburu duen murgiltze esperientziaz. Hainbat taldetan banatuta, gazteek parkeak dituen hiru erronkei aurre egin diete: ura (urak bizitzaren zikloan duen garrantzia azpimarratzen da, eta berarekin energia berriztagarriak sortzeko aukera), energia mugikortasuna (parte hartzaileek energia berriztagarriei, energia xahuketa saihesteari eta hirigarraioaren garrantzia baloratzeari garrantzia ematea bilatzen da) eta janaria (elikagaien, horien ekoizpenaren eta ekosisteman duten eraginaren ingurukoa da).

Guztira, BBK Klima Abenturako 14 jarduerez gozatu ahal izan dute (scape room, arboretum, tirolina, domo 360o, intsektu hotela, anfiteatroa, bizikleta elektrikoak, energia berriztagarrien hainbat instalazio eta abar).