Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Neoliberalismo LGTBIQ+a eta iraultza transmaribolloa

1984an antolatu ziren Oreretako Zamalbide auzoan Lesbianen I. Topaketak. Bertan, identitate propio batetik borrokatzearen beharra planteatu zen, orduko mugimendu feministaren eztabaida zentraletan agertzen ez ziren aldarrikapen propioak plazaratzeko beharrak bultzatuta. Aurten, bolleren kolektiboarentzat aitzindariak izan ziren jardunaldien 40. urteurrena betetzen da, eta urteurrena aitzakia, mugimendua autogestiotik antolatu eta beste Topaketa batzuk antolatzea erabaki dugu. Horregatik gaude gaur Leitzan, ostiralean hasi eta igandean bukatuko diren jardunaldietan.

Gaur egungo antolakuntzan gauden gehienok ez ginen izan Lesbianen I. Topaketetan, beraz, ezin dugu argi esan zer aldatu den. Nabaria da indarkeria zuzenaren jaitsiera, orain dela 40 urte sexualitate disidentea izateak bazterkeria handiagoa suposatzen zuen. Gaur egun, lesbianismo normatibo bat onartzen da, femeninoa, zaintzailea, atsegina eta txuria. Enpresa eta instituzioen partetik LGTBIQ+ sasipolitiken bidezko garbiketa ikusi dugu, baina itxurakeria horrek ez du esan nahi erroa, hau da, gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala ahul dagoenik. Araua zabaldu da, baina bollerak araua apurtzera gatoz.

Horrek bereizten ditu nire ustez mugimendu LGTBIQ+ liberala eta mugimendu transmaribollo iraultzailea. Mugimendu LGTBIQ+ liberalak gure identitateen onarpena bilatzen du, identitatearen supermerkatu neoliberalean aukera denak onartzea, existitzen ez den askatasun batean oinarrituta. Mezuak horrela dio: «Aske izan, nahi duzun hori aukeratzeko». Horrela, batzuok askatasunez erabakitzen dugu bollerak izatea, eta besteek hetero, eta denok pozik bizi gara elkarrekin, eraso homofoboak egiten dituzten gaizkile batzuk kenduta. Ikuspegi horretatik, gure zapalkuntzak arazo indibidual forma hartzen du, «gizarteak ez dit ni neu izaten uzten» estiloko arazoak.

Genero identitatea ez da banakoek askatasunetik hartutako sexualitatearen esparruko erabakia, heterosexualitatea den instituzio koertzitibo eta biolento baten ondorioa baizik, eta, funtsean, bi aukera daude: heterosexuala edo anti-heterosexuala izatea.

Mugimendu transmaribollo iraultzaileak ez du bilatzen banakoen identitatearen, sentipenen edo desiren onarpena, guk proposatzen duguna gizarte ordena eraldatzea da, hau da, gizon eta emakumeekin bukatzea. Bollerismoa klase borroka delako, gizon eta emakume klaseekin bukatzeko borroka, ulertuta hauek ez daudela biologian oinarrituta, eta sistema heterosexualak sortzen dituen identitateak direla.

Kapitalismoak burges eta langileak sortzen ditu, eta iraultzaren helburua ez da burgesak eta langileak bakean bizitzea elkar onartuz, baizik eta bi klase hauek ezabatuko dituen ordena politiko, ekonomiko eta sozial berria eratzea. Zentzu berdinean, heteropatriarkatuak (eta ez biologiak) gizon eta emakumeak sortzen ditu, eta mugimendu feminista iraultzaile baten helburua bi klase hauek ezabatuko dituen ordena berria sortzea da.

Gizonak ez ditugulako desiratzen gara lesbianak, baina erregimen heterosexuala ez dugulako onartzen gara bollerak. Bollerismoa ez delako gorputz konkretu bat, baizik eta transformazio bat, emakume izatetik emakume ez izatera pasatzeko transformazioa. Bollera da bide bakarra. •