Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Gauzen apologia

Enegarren hezkuntza legea onartu da Espainiako Parlamentuan. Azken hiru legeak finean testu bera dira, 2006an onartu zena, baina atal bat edo bestea moldatuta Parlamentuko indar harremanen arabera. Oinarrizko helburuak, edukiak, ikasleen eta irakasleen soslai ideala eta abar ez dituzte aldatu. Europar Batasuneko elite neoliberalak agindutako erreforma izan zen 2006ko legea, unibertsitatearen Bolonia plan arranditsu harekin batera gauzatutakoa eta, harrigarriena, kontrako iritzi oso gutxi izan zituena (“los de siempre”). Badaezpada, jakin beza irakurleak ez dela XIX. mendean sortutako hezkuntza sistema industrial eta nazionalistaren defentsa egin nahi dudana. Zutabearen helburu bakarra xaxatzea da gaurkoan.

Irakasle eta pedagogo ezkertiar askok ahoa bete hitz onartu eta are sustatzen dute egun hezkuntza erreforma: kooperazioaren garrantzia, ikasleak erdigunean ezartzea, bizi osoan zeharreko hezkuntza… eta kontzeptu ustez eder piloa. Praktikan, bigarren hezkuntzako irakasleak burokraziaren amildegira bultzatuak izan gara egunerokotasunean eta, aldi berean, ikasleen porroten erabateko errudun gisa seinalatuak gara. Unibertsitatea infantilizatu eta batxilergoko hirugarren maila bihurtu dute, etxerako lanak zeintzuk diren eta azterketan zer sartuko den galdetzen duten ikasleekin. Hori ere tokatu zait bizitzea, irakasle bezala.

Esaten digutenez, edukiek ez dute garrantzirik, irakasleok ezjakin hutsak gara eta ikasleen gaitasunek bakarrik dute lehentasuna: ikasten ikasi, talde lanean aritu… Lehen arazoa, absurdo logikoarena da. Ikasten ikastea, korrika egiten korrika egitea, gidatzen gidatzea edo kantatzen kantatzea bezain absurdoa da. Ikas daiteke eskema bat egiten, dantza pauso bat, baloia jaurtitzen edo zirkuitu bat muntatzen, ikas daiteke jendearen aurrean hitz egiten, baina ikasten ikasi ez da ezer ere. Demagun gaztetxean konponketa batzuk egin behar direla. Pentsa dezakegu erdigunean jarriko dugun prozedura auzolana dela. Baina inork ez du uste auzolanean auzolanduko dugunik. Baten batek jakin beharko du instalazio elektrikoa konpontzen, besteren batek nola nahastu margoak paretan ezarri aurretik, besteek erratza pasatzen sikiera, eta abar. Hau da, auzolana bakoitzak dakizkien gauzen bitartez bakarrik da posible. Edo mahai bat nola muntatu jakin nahi badut, Youtuben bideoren batek egon beharko du zehazki mahaia muntatzen erakutsiko diguna, ez ikasten ikasten erakutsiko diguna.

Edukiei, jakin beharrekoei, garrantzia kentzen badiegu, alferrikakoa da googleatzen erakustea ikasleei. Interneten piramideak estralurtarrek egin zituztela ageri da eta dokumentalak, gainera, oso ondo eginda daude. Zergatik izango da gezurra? Nolatan esan behar diot nik hamarka web orrialdek diotena tontakeria galanta dela? Nik bilatzen erakutsi diot eta berak hori topatu du. Agian arazoa da nik ez diodala transmititu hamarkada luzeetan historialariek garatutako jakintza eta ez diodala lagundu bere buruan jakintza hori antolatzen eta gordetzen, gero, erabili dezan Googlen zerbait bilatzen duen aldiro.

Auzolanerako, lankidetzarako, mundua aldatzeko gauzak jakin behar ditugu. Gauza zehatzak ezagutu behar ditugu. Bestela, sistemaren morroi huts bihurtuko gara, beste batzuek erabakitako datuak akritikoki prozesatzera mugatzen diren makinak. Hori ekiditea da hezkuntzaren erronkarik handiena. •