GAUR8

Ondarea berreskuratzeko aurrerapausoak Gorlizen, auzolandegiei esker

Gorlizen, Urezarantzako harraska eta zubiaren berreskurapenean egindako aurrerapausoak eta gazteek bizitako esperientzia nabarmendu ditu Lakuako Gazteria Zuzendaritzak, antolatutako auzolandegien programaren balioa nabarmenduz.

Gorlizko auzolandegian Urezarantzako zubia eta harraskaren berreskurapenean aritu dira.
Gorlizko auzolandegian Urezarantzako zubia eta harraskaren berreskurapenean aritu dira. (IREKIA)

Gorlizen, 14 eta 17 urte bitarteko hogei gazte boluntario herriko Urezarantzako harraska eta zubia berreraikitze lanetan ibili dira amaitu berri den auzolandegian.

Lakuako Gazteria Zuzendaritzak antolatuta, Udalarekin lankidetzan ingurumen-ondarea berreskuratzeko egonaldia egin dute gazteek Bizkaiko kostaldeko udalerrian.

Esperientziaren balorazio positiboa nabarmendu dute antolatzaileek, taldeak eginiko lana «ia arkeologikoa» izan dela azpimarratuz. Horren ondoan, gazteen aisialdiaren ikuspuntutik suposatzen duen esperientzia aipatu dute, hainbat jardueratan parte hartu eta kostaldeko herria ezagutzeko parada izan baitute.

Gorlizkoaz gain, udalerriko auzoak lotzeko galtzada bat berreskuratzen eta herriko garbitegiak berreskuratzeko lanetan ibili da beste talde bat Sopuertan. Lekeitioko auzolandegian Abaroa adinekoen egoitzako dinamizazioan aritu dira gazteak, eta Lemoan, Lemoatx inguruko Burdin Gerrikoko lubakien berreskurapenarekin jarraitu du beste talde batek.

Abuztuaren azken hamabostaldi honetan Bergaran ari da lanean beste talde bat, Mizpirualde egoitzaren dinamizazioan. Azkena izango da auzolandegi hori, aurten berrikuntza gisa Hego Euskal Herriko eta Iparraldeko gazteak bildu dituen boluntariotza taldea ere izan duen programaren barruan.