GAUR8

«Haur eta gazte literatura irakur gida 2021» argitaratu du Mondragon Unibertsitateak

2021. urtean zehar haur eta gazteentzat euskaraz argitaratu ziren liburuak biltzen dituen gida kaleratu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzia Fakultateak. Bibliotekari eta irakasleen iritziak kontuan hartzen dituen lanak hainbat erreseina ditu. Esaterako, liburu gomendagarrien eta oso gomendagarrien artean ezberdintzen du.

«Haur eta gazte literatura irakur gida 2021» argitalpenaren azala, irudian.
«Haur eta gazte literatura irakur gida 2021» argitalpenaren azala, irudian. (Mondragon Unibertsitatea)

Pasa den urtean, haur eta gazteentzako euskaraz argitaratutako 227 liburuak bildu ditu gida batean Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak.

Argitalpenak liburu gomendagarriak eta oso gomendagarriak bereizten ditu, eta zerrenda berezi bat jasotzen du. Nabarmendu dutenez, «talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza» den gidarekin tresna erabilgarri bat eskaini nahi dute, bereziki guraso, irakasle eta bibliotekariei zuzenduta.

Izan ere, tartean hainbat bibliotekarik eta irakaslek osatutako hamalau laguneko taldeak sortu du gida, erabiltzaileentzat interesgarri izan daitekeen informazioa emanez.

Argitalpenak sailkatzeko erabilitako teknika eta irizpideak ere azaldu dituzte: «haur eta gazte literaturaz
2021. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua, eta abar kontutan izanda egiten dugu balorazioa».

Liburu bakoitzaren irakurketarako gomendatutako adina zehazten du gidak. Atal horri dagokionez, zehaztu dute datu orientagarria dela, «bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak eta abar sailkaezinak baitira».

«Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egotea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko funtsezkoa», nabarmendu dute.

Interes handia pizten duen gida izaten da Mondragon Unibertsitateak argitaratzen duen hau, deskargatuena izaten baita, zehaztu dutenez.

Lana 1990. urtean hasi zen kaleratzen, eta 2001. urtetik aurrerako zenbakiak Unibertsitatearen webgunean daude eskuragarri.