GAUR8

«Jaizkibelgo Altxorrak», natura eta paisaiaren harribitxiak Hondarribian ikusgai

«Jaizkibelgo Altxorrak» erakusketa zabaldu dute Hondarribian, bertako fauna, flora eta itsalabarretako forma geologikoen gaineko informazioa eman eta natura ondare horren zaintzaren gakoak azaltzeko. Bisita gidatuak antolatu dituzte, ekimenaren inguruko beste hainbat jardueren artean.

Antolatzaileak, «Jaizkibelgo Altxorrak» eraskusketaren aurkezpenean.
Antolatzaileak, «Jaizkibelgo Altxorrak» eraskusketaren aurkezpenean. (Arma Plaza Fundazioa)

Azaroaren 6ra arte, Jaizkibelgo altxor naturalak erakusketa baten protagonista nagusiak izango dira. Arma Plaza kultura eta turismo informazioko gunean instalatu da irudien bilduma, eta haren inguruan hainbat jarduera antolatuko direla aurreratu dute antolatzaile diren Eguzki Elkarteak eta Hondarribiko Udalak.

Erakusketa Arma Plaza Fundazioarekin elkarlanean sortu dute bi antolatzaileek. Aurreratu dutenez, Jaizkibelgo flora eta fauna ezagutzeko aukera emateaz gain, «itsas labarretako forma geologikoek marrazten dituzten hainbat gune arkeologiko eta paisaia harrigarriak ikusi ahal dira».

Erakusketaren atal bat natura ondare garrantzitsu hori kudeatzeko «gakoei arriskuei eta mehatxuei» zuzenduta dago. Izan ere, hainbat bisita gidatu eta bestelako jarduerak antolatu dituzte haurren, gazteen eta helduen artean interesa pizteko asmoz.

Hilabete honetan zehar, astearte eta ostegunetan ikastetxeei zuzendutako bisita gidatuak antolatzen ditu Eguzki elkarteak, 10.00etatik 13.00etara. Erreserba egiteko,ikastetxeak fundazioarekin jarri behar dira harremanetan, info@armaplaza.eus helbidera idatziz edo haren telefono finkora deituz.

Ipuin kontaketa eta hitzaldia

Erakusketaren gaiaren inguruan antolatu diren jardueren artean, asteazken honetan bertan (hilak 19), bost urtetik gorako haurrentzako ipuin kontaketa izango da Arma Plazan, Kontukantoi elkartearen eskutik.

Hilaren 28an, bestalde, “Lo que las rocas de Jaizkibel nos quieren contar” hitzaldia eskainiko du Jose Maria Hernandezek; eta 29an, katamaranen egingo den irteera antolatu dute itsaslabarrak ikusteko. Azken honetan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, fundazioaren posta elektronikora idatzita edo bertara deituta.