GAUR8

Hezkidetza ardatz duten aplikazioak, «Hezkuntzarako app azoka»-ren protagonista

Bilboko Hezkuntza Fakultatean, “VII. Hezkuntzarako app azoka” ospatuko dute ostiral honetan. Hezkidetza ardatz hartuta garatutako aplikazio ezberdinak aurkeztuko dituzte, eta horiek deskargatzera eta baloratzera animatu dute.

UPV/EHUko Leioako Campusa, artxiboko irudian.
UPV/EHUko Leioako Campusa, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Hezkidetza UPV/EHUko ikasleek garatutako aplikazioen protagonista izango da ostiral honetan Leioako Campusean, Bilboko hezkuntza Fakultatean ospatuko den azokan.

Azaldu dutenez, doako aplikazioak dira plazaratzen direnak. Hitzorduan, gainera, Google Playn kalifikazio onenak eta deskarga gehien lortzen dituen aplikazioa aukeratu eta sarituko da. Irabazleari “2022ko TxAPPelduna” saria emango diote. Horregatik, app-ak deskargatzera eta baloratzera animatu dute antolatzaileek.

Ohar batean, UPV/EHUk nabarmendu du mundu iraunkorrago eta bidezkoago bat lortzeko bidean ezinbestekoa dela generoen arteko berdintasuna lortzea. Horren harira, zehaztu du «hezkidetza gizartearen eta hezkuntza sistemaren erronka gisa sendotzen» dela, «ikasleen artean gaitasun kritikoa garatzea eta kontzientziatzea oinarri duten hezkuntza-prozesuak garatzeko helburuarekin, errespetuan eta aukera-berdintasunean eta genero-bereizketarik gabeko erantzukizunean oinarritutako gizartea ulertzeko eta eraikitzeko».
 
Emakumeen eta gizonen arteko ezaugarriei eta gaitasunei buruz aurrez pentsatutako estereotipoak eta aurreiritziak haustea da gakoa, eta hori izan da aplikazioen garapenak jarraitu duen ildo nagusietako bat.

Azken edizio honen inguruan adierazi dute «talde kooperatiboetan eta heterogeneoetan» lan egin dutela ikasleek. «Honek guztiak IKTen erabileran oinarritutako ezagutza arlo ezberdinetako ikasleen lankidetza eskatu du, eta teknologia bera garatzen ere lagundu du, sortutako app-ak Google Playn doan baitaude eskuragarri», zehaztu dute.