GAUR8

Doktoretza ondoko ikertzaileen atzerriko egonaldietarako laguntzak onetsi ditu Lakuak

Doktoretza ondoko ikertzaileei zuzendutako laguntzak arautzen dituen agindua onetsi berri du Lakuako Exekutiboak. Atzerriko egonaldietan, ostatu eta mantenu gastuak finantzatzea dute helburu.

Ikertzaile bat lanean, ikerketa zentro batean.
Ikertzaile bat lanean, ikerketa zentro batean. (Jon URBE | FOKU)

Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzenduriko laguntzak arautzen dituen agindua onetsi du astearte honetan Lakuako Exekutiboak Gobernu Kontseiluan.

Deialdiak 429.258 euroko zenbatekoa du orotara eta atzerriko egonaldietako zentroetan dauden bitartean ikertzaile doktoreek izan ohi dituzten ostatu eta mantenu gastuak finantzatzea du helburu.

Gobernuko arduradunen arabera, deialdian parte hartu ahal izango dute 2022-2023ko ikasturterako sustatu duen Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programaren onuradunek. Ezinbesteko baldintza izango da ikertzaileak jardunean egotea, doktoretza ondoko laguntzen lehen edo bigarren urtean.

Ostatu eta mantenu gastuetarako ematen den laguntza hau doktoretza ondoko programako gainerako laguntzen osagarri da, eta zenbatekoa 27,35 euro izango da atzerrian egindako egun bakoitzeko. Egonaldia 2023. urtean hasi beharko da.

43 doktore, iaz

Joan den urtean, doktoretza ondoko programako 43 doktorek jaso zituzten atzerriko egonaldiak finantzatzeko laguntzak. Doktoretza ondoko programaren onuradun diren ikertzaileek lan kontratu bat sinatzen dute ikerkuntzan diharduen euskal erakunde batekin, gehienez ere lau urterako.

Erakunde edo ezarpen zentro hori unibertsitate, ikerketa zentro edo osasun ikerketako institutu bat izan ohi da, I+Gean gaitasuna eta jarduera egiaztatua duena eta egoitza soziala EAEn duena.

Doktoretza ondoko hobekuntzako 48 hilabete horien barruan, eta gehienez 24 hilabeteko iraupena izango duen lehen fasean, doktorea bere ezarpen zentrotik atzerriko ikerketa zentro batera joan ohi da, ikerketa proiektu bat garatzeko.

Bigarren fasean, berriz, ikertzailea EAEko ikerketa talde batean txertatuko da. Gobernu Kontseiluak onartutako laguntza atzerrian burutzen den lehen faseko egonaldi gastuetarako jasoko du doktoreak.