Nerea Goti

Herri ijitoaren memoria historikoaz hitz egiten duten margoak, Miguel Claveria Amayaren erakusketan

Miguel Claveria Amaya euskal margolariaren azken 50 urteko ibilbidea biltzen du Otxarkoagako Gizarte Etxean gaur zabaldu duten erakusketak. Olioz margotutako garai bateko estanpa horietan herri batek bizi izandako jazarpenaren kronikaren moduko bat idatzi du egileak, euskal herri ijitoaren memoria osatuz.

Miguel Claveria Amaya margolaria gaur, erakusketaren inaugurazioan.
Miguel Claveria Amaya margolaria gaur, erakusketaren inaugurazioan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Datorren apirilaren 16ra arte, Miguel Claveria Amaya euskal margolariaren erakusketa bisitatu ahal izango da Bilboko Otxarkoaga auzoko Gizarte Etxean. Azken 50 urteetan olioetan islatutako euskal komunitate ijitoaren historia eta paisaiak biltzen dira ikusgai dauden margoetan. Gaur inauguratu dute esposizioa.

‘Dompien kaló’ izenburua du hitzorduak, erromanieraz ijitoen artea esan nahi duena. Neurri handi batean, ibilbide autodidakta baten emaitza da, baina batez ere «ijitoen kulturarekiko eta euskal kulturarekiko duen maitasuna» islatzen duela azpimarratu dute.

Margo horien atzean haurtzaroko oroitzapenak daude, «Errioxan eta Bizkaian zehar alderrai ibili zenekoak». Horregatik, basoko karromatoak, emakumeak arropak garbitzen ibaian, baserriak, azokak edo Bilboko Itsasadarra estanpa askoren protagonista nagusiak dira, baina ez «irudi erromantizatu» bat emateko, baizik eta bizitako jazarpen arrazistaren moduko kronika bat osatzeko.

Irudi horiei begira gogoratu du egileak berak hiru egunez ostatu hartzen zutenean, Guardia Zibila gerturatzen zitzaiela lapurrak zirela leporatuz, eta handik botatzen zituztela.

Otxarkoagako hau ez da bere lehen erakusketa, beste batzuk izan baititu Bilbon azken urteetan, baita Nafarroan, Kantabrian eta Gaztela eta Leonen. Izan ere, lanbidez batez ere kalez kaleko salmentan ibilitakoa izan bada ere, sormen artistikoa mantendu du bilbotarrak azken 50 urteetan, zenbait kritika aipamen garrantzitsuak bilduz, ‘La gran enciclopedia vasca’ argitaletxeak eskainitako faszikulua kasu.

Erreferente bat ikusaraztea

AMUGE euskal emakume ijitoen elkarteak antolatu du erakusketa. Tamara Claveria elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, «adineko ijito errespetatua» da margolaria auzoan, eta horrek errespetuzko estatus bat suposatzen du ijito komunitatearentzat, baina erakusketaren bidez margolariaren figura ere ezagutarazi nahi da, eta erreferentea bilakatzea espero dute.

Beharrezkoa da horrelako erreferenteak ezagutzera ematea, baita haien lanen bidez gorde den memoria historikoa ere, nabarmendu du Claveriak belaunaldi gazteengan pentsatuz. Era berean, erakusketak bizitza luzeago bat izatea espero dute, beste zentro eta museotara helduz.

Ekimenak Lakuako Gobernuaren babesa du, eta apirilaren 8an ospatzen den Ijito Herriaren Egunaren barruan kokatzen da.