GAUR8

Adimen artifizialeko proiektu europarrean parte hartzen du Neikerrek, lurzoruaren osasuna testatzeko

Europako lurzoruen osasuna etengabe ebaluatzeko adimen artifiziala erabiliko duen proiektuan parte hartzen du Neiker euskal zentroak. Testak egingo dituzte hamaika eskualdetan, tartean EAEn bertan.

Neiker zentroaren parte hartzea duen proiektu batek adimen artfiziala baliatuko du lurzoruen osasunaren kontrolak egiteko
Neiker zentroaren parte hartzea duen proiektu batek adimen artfiziala baliatuko du lurzoruen osasunaren kontrolak egiteko (Neiker)

Adimen artifiziala baliatuz lurzoruaren egoera ezagutzea eta babestea helburu dituen proiektu europar batean parte hartzen du Neiker nekazaritza ikerketa eta garapenerako euskal zentroak.

Egitasmoaren oinarrian Europako lurzoruen osasun egoera txarra dago, baita degradazio hori saihesteko behar diren kontrolak eta neurketak egitearen beharra ere. Izan ere, lurzoruen %60 eta %70k ez dute osasun egokia, eta horren atzean materia organikoan eta biodibertsitatean izandako galera dago, nabarmendu dutenez. Horrekin batera, baliabide horiek zaintzen dituen legeria propiorik ez izatea beste arazo bat dela gogoratu dute.

Babesa emateko helburu horrekin, lurzoruen degradazio handiagoa saihesteko eta klima-aldaketari aurre egiteko zenbait helburu zehaztu ditu Europako Batzordeak.

Plagiziden erabilera %50 murriztea da planteatzen den urratsetako bat. Era berean, 2030. urterako %20 jaitsi nahi da ongarrien erabilera, eta 2050. urterako ‘zero emisio’ izatea da asmoa, baina «hori ezin da lortu lurzoruen osasun egokirik gabe».

Horregatik, lurzoruen zaintza horretan ematen diren aurrerapenak neurtu eta ebaluatzeko sistemak beharrezkoak izango dira, azpimarratu du Neikerrek.

Azpiegitura digital bat

Lurren osasuna etengabe ebaluatzeko helburu horretara bideratuta dago, hain zuzen ere, ‘AISoilHealth’ proiektua, «kontinenteko lurzoruaren osasunaren adierazleak zaindu eta aurreikusiko dituen azpiegitura digital bat sortzeko».

«Lurzoruaren adierazle edo parametroren bat maila egokitik kanpo dagoela detektatzen badu aurretik bildutako eta Europako lurzoruetarako adimen artifizialarekin tratatutako datuetan oinarrituko erabakiak hartzeko laguntza emango du», azaldu dute sistemak jarraituko duen estrategiaz.

Kostuak murrizteko, biki digital bat sortuko dute, lurzoruen erreplika digitalekin lan egingo duena. Neikerrek proiektuan duen paperaz, «Europako Batzordeak proposatutako zortzi adierazleen inguruko esperientzia eskainiko» duela aurreratu dute. Kutsatzaileen presentzia, karbono organikoa, lurzoruaren biodibertsitatea, mantenugaiak eta pH-a dira aztertu beharreko parametro horietako batzuk.

Analisi-testak sortu ondoren, azterketak egingo dituzte Europako hamaika eskualdetan, horien artean EAEn, «sistemaren diseinuan eta fidagarritasunean hobekuntzak egin ahal izateko».

Ekimena joan den urtarrilean hasi zen eta 2026ko abendura arte luzatuko da. Nabarmendu dutenez, lehen sektorearen edo lurzoruaren beste edozein erabiltzaileren eskuetan  «lagungarri izango den doako tresna digital bat gauzatzen saiatuko» da proiektua.