GAUR8

Duela 160 urteko euskal paisaiak ingeniari alemaniar batek marraztuta, Enkarterrietako Museoan

Duela 160 urte baino gehiago Barakaldora lanera etorritako ingeniari alemaniar batek marraztutako euskal paisaiak ikusi ahal dira Enkarterrietako Museoan. Arkatzez egindako irudiek historiaren zati bat marrazten dute.

Portugaleteko paisaiaren marrazkia, irudian.
Portugaleteko paisaiaren marrazkia, irudian. (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Apirilaren 16tik aurrera “George Alexander Dick 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Enkarterrietako Museoan.

Alemaniatik etorri zen teknikari batek orain dela 160 urte egindako marrazkien bilduma da. George Alexander Dick ingeniaria zen Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian, Bizkaiko Labe Garaiak ospetsuaren aurrekaria izan zena.

Bere beste bidaia batzuetan egin bezala, Euskal Herrira heldutakoan Dick marrazkilari afizionatuak arkatzez marraztu zituen Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat paisaia.

Hogeita bederatzi irudik osatzen dute ikusgai jarriko duten erakusketa. Gipuzkoakoen artean, garaiko Aia, Tolosa, Pasaia edota Hernaniko paisaiak ageri dira irudietan, besteak beste; baina Bizkaiko parajeak dira gehienak. Azken horien artean, Bilboko Itsasadarraren inguruko hainbat irudi dago, Barakaldo, Sestao, Santurtzi, Portugalete, Abando, Begoña edota Deustuko paisaiak erakutsiz.

Ingalaterratik ekarriak

Ingalaterratik ekarri dituzte erakusketa osatzen duten marrazkiak, orain arte argitaratu gabeak. Museoak berak azpimarratu duenez, «Euskal Herriko historiaren zati bat berreskuratzen. Gainera, XIX. mendeko Euskal Herriaren ikuspegi fidagarria ematen digute, oraindik industria mundurako aldaketa prozesu batean zegoen garaian». Gogoratu duenez, marrazkiek balio handia dute, garai hartan argazkigintza oraindik gutxi garatuta baitzegoen.

Irudien harira azaldu du, bestalde, euskal industrializazioa erakusteaz gain Europatik etorritako ingeniariek prozesu horretan izan zuten papera ere gogorarazten duela.

Erakusketa apirilaren 16an zabalduko da eta hilaren 28ra arte ikusi ahal izango da Enkarterrietako Museoan.