GAUR8

Felix Goñi eta Geza Toth EHUko irakasleak saritu ditu Alexander von Humboldt Fundazioak

Felix Goñi eta Geza Toth EHUko ikertaileek Alexander von Humboldt Fundazio alemaniarrak emandako sariak jaso dituzte. Euskal zientzialari bien ibilbideetan izandako lorpenak aintzatetsi dituzte sari ospetsuek.

Felix Goñi eta Geza Toth ikertzaileak.
Felix Goñi eta Geza Toth ikertzaileak. (EHU)

Biokimikako eta Biologia Molekularreko kateraduna da Felix M. Goñi eta Ikerbasqueko ikertzaile eta Fisika Teorikoko eta Zientziaren Historiako irakaslea da Geza Toth. EHUko ikertzaile biak Europan zientzien esparruan ospe handienetakoak diren Alexander von Humboldt Fundazioaren sariak jaso dituzte.

Goñiren kasuan, 2021ean eman zioten Humboldt saria jaso du. Aipamenarekin, euskal zientzialariaren «ikerketa eta irakaskuntzarako lorpen garrantzitsuak» nabarmendu ditu Fundazioak. Sariarekin, gainera, zientzialari alemanekin batera ikerketa-proiektu berriei ekiteko gonbidapena du euskal ikerlariak.

Goñik berak adierazi du topikotzat har daitekeela talde-lana saritzen dela esatea, «baina kasu honetan egia da. Doktorego eta doktoratu ondoko dozenaka ikaslek lagundu dute nire laborategiko lanean lau hamarkada luzetan».

Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak sortuta, Friedrich Wilhelm Bessel Ressearch Award izeneko saria jaso du Geza Toth zientzialariak, 2019. urtean lortu zuena.

Alemaniatik kanpo bizi diren ikertzaileei zuzenduta, ikerketan egindako lorpenak eta abangoardiakoak nabarmentzeaz gain, «beren diziplinan funtsezko eragina izan duten edota ikerketek etorkizunean izan dezaketen ahalmen aparta aitortzen» dute, gogoratu du EHUk.

Geza Toth euskal ikerlariak jasotako errekonozimenduak «optika kuantikoaren arloan, informazio kuantikoaren zientzian eta elkarlotura kuantikoaren teorian egindako lana» saritzen du.