GAUR8

Elikadurari buruzko zalantzak argitzeko eta sinesmen faltsuak uxatzeko gida argitaratu dute

Elikaduraren inguruan hedatu diren uste faltsuak ezabatu eta askotan sortzen diren zalantzen aurrean irizpide zientifikoetan oinarritutako erantzunak ematen dituen gida kaleratu dute EHUko «Elikadura eta Gizentasuna» taldeko irakasle eta ikertzaileek.

‘Elikadura eta Gizentasuna’ taldeko ikertaileek osatu dute gida.
‘Elikadura eta Gizentasuna’ taldeko ikertaileek osatu dute gida. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

Nutrizioaren eta elikaduraren inguruan dauden baieztapen guztiak ez dira beti zuzenak izaten. Horietako batzuk sinesmenetan edota iritzi korronteetan oinarrituta hedatu dira, «baina ez dute balio zientifikorik», ohartarazi dute EHUko ikertzaileek.

Errealitate horren aurrean, gida bat osatu dute ‘Elikadura eta Gizentasuna’ taldeko irakasle eta ikertzaileek, «30 sinesmen, esana, korronte popular eta moda ulertzen» laguntzeko, ikuspegi zientifikotik erantzunez.

«Laranja zukua edateak gripeari aurre egiten lagun al diezaguke? Esnea al da kaltzioaren baliozko iturri bakarra? B12 bitamina haragiak bakarrik al dauka?» bezalako galderei erantzuten die argitalpen berriak.

Azukrea adibide gisa jarrita, beltza zuria baino hobea dela dioen ustea aipatzen da: «Jende askok uste du azukre zuriaren ordez azukre beltza hartzea komeni dela, azukrea beltza naturala delako eta zuria findua». Adituek zera erantzuten dute: «Ez da hala. Biek fintze prozesu bat jasaten dute, eta nagusiki sakarosaz daude osatuta».

Glutenik gabeko dietak osasuna hobetzen du?

Modan dagoen beste gai bat: glutenik gabeko dietaren ustezko egokitasuna. «Glutenik gabeko dieta batek honako hauei lagun diezaieke: heste narritakorraren sindromea dutenei, Crohn-en gaixotasuna dutenei edo heste biloari eragin diezaiokeen beste patologiaren bat dutenei», baina «gainerakoek ez liokete glutena hartzeari utzi beharko bestelako arrazoi espezifikorik edo gomendio profesionalik gabe», azaltzen dute gidan.

Liburuan aurki daitekeen beste hausnarketetako bat: elikagai naturalak osasungarriagoak direla dioen ustearen aurrean, elikagai osasungarri bat aukeratzerakoan osagaien zerrendari arreta jartzea da gomendioa, bestelako amarruetan erori gabe.