GAUR8

Hilaren 26ra arte ‘Hemen gaude’ dio Bilbon emakumeen artelanak biltzen dituen erakusketa batek

Martxoaren 8aren harira aurkeztua, emakume artistek sortutako 20 artelan biltzen dituen ‘Hemen gaude’ erakusketa maiatzaren 26ra arte ikusi ahal izango da Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan.

‘XXI. mendeko emakume artistak. Hemen gaude’ erakusketa, irudian.
‘XXI. mendeko emakume artistak. Hemen gaude’ erakusketa, irudian. (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Maiatzaren 26ra arte Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan ‘XXI. mendeko emakume artistak. Hemen gaude’ erakusketa bisitatu ahal izango da. Dora Salazar Romo, Leire Sanchez Osta, Mari Puri Herrero Martinez de Nanclares eta Maria Cortina Alvarez dira, besteak beste, ikusgai dauden lan artistikoen egileetako batzuk. Guztira, 20 artelan dira Batzar Nagusien bildumatik aterata.

Emakume artistei omenaldi gisa aurkeztuta, «prestakuntza akademikoa atzean utzi eta gero, artearen munduan euren karrerak hasten ari ziren emakumeek mende honetan sortu eta eskuratutako obra» dela nabarmendu du erakundeak. «Artearen munduan duten lekua aldarrikatzea» eta haien lanaren ikusgaitasuna eta aintzatespen publikoa eskaintzea da helburua.

80ko eta 90eko hamarkadetan jaioak

Sortzaileetako batzuk 80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako belaunaldikoak dira. Horren harira, gogoratu dute «unibertsitatean azken pauso akademikoak ematen ari ziren bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzatik» igaro zirela artista horiek aldi baterako erakusketetan, EHUko Arte Ederren Fakultatearekin sinatutako akordioari esker.

Belaunaldi ezberdinetako artisten sorkuntza lana jasotzeaz gain, teknika eta adierazpen artistiko ezberdinak aurki daitezke erakusketan. eskultura edota zeramikaz gain, olioa eta argazki konposizioak daude lanen artean.

Emakumeen izaerak presentzia handi bat du esposaketan, baita inklusiboaren ikuspegia ere, zehaztutakoaren arabera, ikusgai dagoen bilduman desgaitasun fisikoa eta psikikoa duten artisten lanak baitaude.

Dora Salazar Romo, Leire Sanchez Osta, Mari Puri Herrero Martinez de Nanclares, Maria Cortina Alvarez, Sandra Rilova, Nekane Manrique Mezquita, Andrea Abalia, Lide Kaltzada Uriagereko, Aitana Campo Garcíia, Raquel Asensi, Damaris Pan Vega, Claudia Aguinaga, Estibaliz Ortiz de Laiseca, Angela Rivas Pascual, Mara Ona Lapiedra, Leire Lacunza Miranda, Paula Huarte Cosin, Amaia Molinet, Andrea Plaza Blanco eta Ihintza Arakistain Lopategi dira bilduman erakusten diren lanen sortzaileak.