GAUR8

Otxandioko Garavilla fabrika eta mitologia, Durangaldeko ikerlari gazteen lan saridunen protagonistak

Otxandion 50eko hamarkadan egon zen arrain kontserba fabrikaren historia berreskuratzen duen ikerlana eta Durangaldeko pertsonaia mitologikoetara eta kondairetara hurbiltzen den lana saritu ditu Durangaldeko Ikerlari Gazteen II. Sariketak. Xixili Bengoetxea 23 urteko otxandiarra eta Jokin Camarero Garai durangarra dira irabazleak.

Pertsonaia mitologikoak eta kondairak saritutako ikerlan baten ardatz nagusiak dira.
Pertsonaia mitologikoak eta kondairak saritutako ikerlan baten ardatz nagusiak dira. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariketako II. edizioak baditu irabazleak: Otxandioko Xixili Bengoetxea Llona eta Durangoko Jokin Camarero Garai, Garavilla SA arrain kontserba fabrika eta Durangaldeko mitologia hizpide dituzten lanengatik.

Gerediaga Elkarteak iaz jarri zuen abian sariketa, eskualdeko gazteen artean Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna bultzatzeko helburuarekin.

Bigarren deialdi hau bi kategoriatan antolatu dute: 18 urtera artekoentzako bat eta 19 eta 35 urte bitartekoen arteko lagunentzat beste bat. Aurten, 27 lan aurkeztu dira, eta gehienak (23) gazteenen kategorian jaso dira.

Jokin Camarero Garai durangarraren mitologiari buruzko artikulua izan da sarituetako bat. Bere lanaz eskualdean egiten dituen ibilbideetako eta lekuetako pertsona mitologikoetan eta haien inguruko kondairetan sakontzen duela azaldu dute. Izan ere, epaimahaiak azpimarratu du eskualdeko mitologiaren azterketan Mariz haratago sakondu duela.

Nagusien kategorian saritua izan den Xixili Bengoetxea Llona 23 urteko otxandiarraren lanaren kasuan, 50eko hamarkadan Otxandion egon zen kontserba fabrikaren historia berreskuratzeko eginiko ikerketa azpimarratu dute antolatzaileek. Epaimahaiak zerotik hasitako ikerketak orain arte ezaguna ez den gai bat landu duela baloratu du, baita bildutako testigantzak ere, eskualdeko hainbat emakumeren ikusgarritasuna ahalbidetuz.

Sari banaketa eta saguzaharren behaketa

Maiatzaren 12an egingo da bigarren edizio honen sari banaketa Otxandioko bolatokian. Ekitaldiak segida bitxia izango du, sarien ostean Durangaldean egiten ari den saguzaharren inbentarioa ezagutzera emango baita hitzaldi batean, eta ondoren saguzaharren bilaketa eta behatze irteera laburra egiteko aukera izango da.

Aitor Arrizabalaga Escuderok gidatuko du aurkezpena, beste bi lagunekin batera sortutako Gabako elkartearen lanean oinarrituta. Gerediagak gogoratu duenez, «gaueko basabizitzaren kontserbaziorako» elkarteak eskualdeko saguzaharren identifikazioan dihardu.