GAUR8

Garunean kaltea hartutako lagunen aldeko Ateceren martxa egingo dute Donostian

Aderdi Ederren abiatuko den martxa solidario batek garun-kaltea duten lagunen inguruko errealitatea ezagutaraziko du igandean Donostian, Atece elkartearen alde. Ekarpen ekonomikoa elkarteak antolatzen dituen jarduerak hobetzeko izango da.

ATCEren marxta solidarioa Alderdi Ederretik irtengo da igandean.
ATCEren marxta solidarioa Alderdi Ederretik irtengo da igandean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Igandean, garun-kaltea duten pertsonek eta haien familiek bizi duten errealitatea ezagutarazteko eta sentsibilizatzeko lehen martxa solidarioa egingo du Donostian Atece elkarteak.

39 urteko ibilbidea duen elkarteak lasterketa solidarioa antolatu du azken zortzi urteetan. Orain, lehen martxa solidarioa deitu du iganderako. Kaltetuak, senideak eta lagundu nahi duten herritar guztiak daude parte hartzera deituta, zehaztu dutenez.

Ibilaldia Alderdi Ederren hasiko da 10.00etan, nautikoaren aurrean, eta Kontxako pasealekua zeharkatuko du Perla pareraino iritsi arte; handik Donostiako Udaletxera itzuliko da.

Ekimenean parte hartzeko, aurretik eman behar da izena Herrikrosaren webgunearen bidez, ‘Lasterketak’ atalean, zazpi euroren truke. Izen-ematea igandean bertan eginez gero –9.00etatik aurrera zabalduko da inskripzioa– 12 euroko kostua izango du.

Ekimenean bilduko duten dirua elkarteak antolatzen dituen jarduerak hobetzeko izango da, aurreratu dutenez. Nabarmendu dute, halere, istripu edo gaitz baten ondorioz garuneko kaltea duten pertsonei ahotsa ematea eta haien errealitatea eta premiak ezagutaraztea dela ekimenaren helburu nagusia.

Bestetik, martxaren antolakuntzaren inguruan aurreratu dute lehen orduan dortsalak eta botila bat ur eta hainbat elikagai izango duen motxila jasoko dutela parte hartzaileek. Sari batzuen zozketa ere egingo dute.